Oholetatik oholtzetara

Surfa eta musika uztartuko dituzte bihar Federarte Debarock jaialdian, Deban. Iluntzean, zenbait kontzertu izango dira zumardian

2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Federarte Debarock Festibala egingo dute bihar Deban (Gipuzkoa). Surfa eta musika uztartuko dituzte jaialdian. Horretarako, egitarau betea antolatu dute goizetik gauera Gipuzkoako Surf Federazioaren eta Debarocken artean.

Argazki lehiaketa egingo dute goizean. Eguraldi ona eginez gero, Yako Surf Eskolan izango da; eguraldi txarrarekin, berriz, Alamedako karpan. Ordu berean, 11:00etan, Gure Kai taldekoek dantza emanaldi bat egingo dute, eta Amaia Amasek zumba saio bat zuzenduko du. Eguraldi ona eginez gero, azoka egingo dute Kardenas pasealekuan; txarrarekin, berriz, paseo estalian izango da. Surf inklusiboko saioa ere egingo dute, Axi Muniain eta Gaituzen eskutik, 12:30ean. Eguerdian, herri bazkaria egingo dute Ondargain tabernan.

Surfa euskal kulturan

Bazkalostean, Debako talde feministak eta Emakumea Surflari egitasmoak emakumeen surfa indartzeko saio bat antolatu dute. 17:00etan, arraun-surfeko herri lehiaketa egingo dute, eta horren ostean izango da argazki lehiaketaren sari banaketa. Debarockek kontzertuak antolatu ditu iluntzerako: Jokin eta Mikel bakarlarien kontzertuak zumardian izango dira, 20:30ean. Brigade Loco, Strinkers eta Con Control taldeak, berriz, 23:00etatik aurrera arituko dira.

Federarte programan antolatu dute jaialdia. Egitasmoaren helburua surf lehiaketei bestelako izaera bat ematea da. Horretarako, surfa kulturarekin uztartzeko ekitaldiak antolatzen dituzte: modu horretan, surfa euskal herritarren izaeraren parte dela erakutsi nahi dute.

Federarte Debarock Festibala

Bihar, 11:00etatik aurrera,Deban (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.