Historiaz betetako jaia

Ikuskizunak, azoka, dantzak eta jokoak izango dira Erriberrin, Erdi Aroko festetan. Herriak Lizarrako Forua eskuratu zuenekoa gogoratuko dute

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Erriberri
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Erriberrik (Nafarroa) bederatzi mende atzera egingo du egunotan: Erdi Aroko itxura hartuko dute gaur eta bihar herriko txoko eta plazek, Erdi Aroko festak egingo baitituzte hogeita bosgarrenez. Garai hura gogoratzeko hainbat ikuskizun eta ekintza izango da; besteak beste, antzerkia, azoka, bisita gidatuak eta jokoak.

Erdi Aroarekin lotura estua duen herria da Erriberri; horren lekuko dira bertako eraikinak, baita herriaren historia ere. Lotura hori gogoratzen dute urtero abuztuko bigarren asteburuan. Aurtengoan, Erriberrik Lizarrako Forua jaso zuen garaia izango dute gai, besteak beste: Gartzea Ramirez Iruñeko erregeak eman zion, 1147. urtean. Hain zuzen, gertakari hori antzeztuko dute gaur, 19:30ean, Karlos III.aren plazan.

Azoka, kirola eta beste

Antzerkiak ez ezik, Erdi Aroko azokak ere girotuko ditu kaleak: 10:30etik aurrera izango da ikusgai, gaur-biharretan. Halaber, zaldunen arteko borrokak ere egingo dituzte bi egunetan, goizez eta arratsaldez. Era berean, xakean jokatzeko aukera izango da. Xakeak soilik ez, arku tiroak ere izango du tartea: gaur, esaterako, herritarrek parte hartuko dute; bihar, ostera, erakustaldia izango da.

Zer ikusia izango da Erriberrin, baita zer ikasia ere; izan ere, bisita gidatuak egingo dituzte gaur eta bihar Andre Maria Erreginaren elizako erretaulara. Elizaz gain, Erdi Aroko zaldunen janzkera eta armak ere ezagutu ahal izango dira. Lastargien ibilaldiak eta Erdi Aroko dantzek emango diote amaiera asteburu beteari.

Erdi Aroko festak

Gaur eta bihar, 10:30ean hasita,Erriberrin (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.