Basoa eta jaia uztartuz

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Artikutzan, San Agustin egunean: besteak beste, herri kirolen erakustaldia eta azoka egingo dituzte

Naia Begiristain Etxezarreta -

2018ko abuztuak 28
San Agustin eguna ospatuko dute gaur Artikutzako naturgunean (Nafarroa). Urteko gainontzeko egunetan ez bezala, gaurko egunean ez da behar Artikutzara autoz joateko baimenik, eta jende askok jotzen du hara; gainontzean, oinez zein bizikletaz bisita daiteke ingurua, baina, autoz joateko, baimena eskatu behar da.

Egun osoko egitaraua prestatu dute gaurko; goizeko mezaren ostean hasiko dira. Hasteko, pilota partidak jokatuko dituzte frontoian. Bazkalostean, trikiti doinuek girotuko dute Artikutza. Ondoren, 17:00etatik 19:00etara, herri kirolen erakustaldia egingo dute, eta hainbat kirolari gonbidatu dituzte. Aimar Irigoien harria jasotzen ariko da, batetik, eta Xanta Sousa, txinga proban, bestetik. Horrez gain, aizkoran arituko dira Aitzol Atutxa, Ugaitz Mugerza, Donato Larretxea eta Iker Vicente.

Euskal Herriko birika

Dantzaldia ere egingo dute, 19:30etik aurrera, festa eguna amaitzeko. Sagardoa, gazta, taloak... jan-edana han erosteko aukera izango da: bi taberna irekiko dituzte. Gainera, azoka ere antolatu dute: bisitariek tokiko produktuak eskuratzeko aukera izango dute.

Jende dezente hartzen du Artikutzak San Agustin egunean, eta inguruaren edertasuna da bisitariak erakartzen dituen arrazoietako bat. Nafarroako eta Gipuzkoako mendiek inguratuta, baso berdeen artean dago Artikutza. Ez da kasualitatea, adituen arabera Euskal Herriko eremurik euritsuena baita. Urtegi bat ere badu, nahiz eta husten ari diren. Artikutza bisitatzen dutenek natura arnastuko dute.

San Agustin eguna Artikutzan

Gaur, 11:00etatik aurrera, Artikutzan (Nafarroa).