Zirkua heldu da kalera

Nafarroako Zirku Jaialdiak hiru ikuskizun egingo ditu bost herritan: 'Baldin bada', 'Koselig' eta 'Yee Haw'. Tuteran hasiko dute jaialdia, gaur

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Zirkua iritsi da Nafarroara, eta bost egunez etengabe izango da martxan. Nafarroako Zirku Jaialdia gaur bertan hasiko da, eta igandera arte hiru ikuskizun egingo ditu, bost herritan. Gaur Tuteran izango da, bihar Uharten, etzi Vianan, etzidamu Altsasun eta igandean San Adrianen. 'Ezin zailagoa!' lelopean, herri bakoitzean hiru ikuskizun egingo dituzte, eta gaur bertan estreinatuko dituzte hirurak Tuteran.

Lehen ikuskizuna Shakti Olaizolaren Baldin bada izango da, eta Tuterako Konstituzio plazan aurkeztuko du, 18:00etan. Ikuskizuna zirkuaren, antzerkiaren, musikaren, pinturaren eta dantzaren nahasketa original bat da. Shakti Olaizola zirkuko hainbat diziplinatan aritzen da, eta Irakurriz eta Irakurtzen ikuskizunak ere egin ditu.

Hiru ikuskizun, eguneko

Bigarren ikuskizuna Foruen plazan aurkeztuko dute, 18:50ean: Capicua zirku konpainiaren Koselig ikuskizuna, hain zuzen. Bost pertsonaia batera bizi dira zalgurdi multifuntzional batean: errutina jolas eta kaosa eguneroko bihurtzen dute. Capicua konpainiaren beste ikuskizun batzuk Cabaret eta Entredos dira, eta akrobaziak eta umorea nahasten iaioak dira.

Hirugarrena, berriz, Yee Haw da, La Banda del Otro taldeak eskainia. Ipar Amerikako mendebaldera egingo dute bidaia Queiles pasealekuan, 19:50ean, eta musikak, zirkuak eta umoreak lekua izango dute. Mendebaldeko hiru gaizkilek euren abilezia guztiak baliatuko dituzte ikusleei irriak lapurtzeko eta taldearen konplize egiteko.

Nafarroako Zirku Jaialdia

Gaur Tuteran, bihar Uharten, etzi Vianan, etzidamu Altsasun, eta igandean San Adrianen (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.