Jacir: «Itxaropena transmititu nahi dut nire lanen bidez»

Bere filmetan giza eskubideen aldeko «inplikazio argia» erakusteagatik saritu du jaialdiak zuzendari palestinarra. Istorio intimistak egin ohi ditu

Annemarie Jacir zinemagile palestinarra, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Annemarie Jacir zinemagileak (Betleem, Palestina, 1975) hamasei film zuzendu, idatzi edo ekoitzi ditu bere ibilbidean. Bere herriari estu lotutako zinemagintza egin izan du beti, eguneroko istorio txikiak oinarri hartuta. Haren lanetan agerikoa da giza eskubideen alde duen «inplikazio argia», eta horregatik saritu du Giza Eskubideen XVII. Zinemaldiak. Viktoria Eugenia antzokian jaso zuen garaikurra, atzo iluntzean eginiko sari banaketan.

Palestinarren egoera atze-oihal gisa ageri da Jacirren filmetan; indarkeria esplizituan baino, eguneroko istorioetan jartzen du arreta. «Zinemagile gisa, bestelako gauzak interesatzen zaizkit, tartean sotilagoa den indarkeria mundutar hori, umiliazioa oinarri duena; horrek sorrarazten dizkit galderak, eta hori aztertu nahi dut», adierazi zuen atzo goizeko agerraldian. Testuinguru horretan, zinemagileak xede bat izaten du: «Nire lanekin itxaropena transmititu nahi izaten dut. Izan ere, egunero muturreko indarkeria jasaten duten lagunak, senideak, Gazako jendea ikusten dut, eta gai dira egunero altxatzeko eta modu baketsuan protesta egiteko indarra aurkitzeko. Horrek itxaropena ematen dit, eta hori jaso nahi dut nire lanean».

Zinemagilearen ustez, egungoak «politikoki garai ilunak» dira mundu osoan, eta, horregatik, oso eskertua agertu zen sariagatik. «Plazera da tunelean argi apur bat ikustea. Hala bizi dut nik Donostiak Palestinari ematen dion sari hau, elkartasuna eta giza harremanak oinarri dituena».

Bere ibilbidean Donostiak leku garrantzitsua duela ere adierazi zuen, Salt of This Sea (2008) bere lehen lanetakoa izan zenak babesa jaso baitzuen bertan —Zinemaldiko Zinema Eraikitzen sailean izan zen, eta emakume palestinar batek zuzendutako lehen lan luzea izan zen—. «Niretzat, garrantzitsua da hemen egotea, bai artista gisa, bai palestinar gisa, ez baita ohikoa leku batean jendeak hain ongi ezagutzea palestinarren egoera, komunitate zapaldu batena. Hemen etxean sentitzen naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.