ATZEKOZ AURRERA

Horitutako altxorren plaza

Saiakerak, nobelak, umeentzako ipuinak eta beste daude Donostiako Gipuzkoa plazan, Liburu Zahar eta Okasiozkoen Azokan. Irailaren 15era arte egongo dira postuak.

Donostiako liburu zaharren azoka atzo hasi zen. GORKA RUBIO / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Liburu zaharren usaina dago Donostiako Gipuzkoa plazan. Horitutako orriak daude etxola urdinetako mahaietan. Jendea hara-hona dabil batetik bestera, istorioak eta historia dituzten liburuei begira. Atzo hasi zen Liburu Zahar eta Okasiozkoen Azoka, eta irailaren 15era arte izango da hura bisitatzeko aukera.

Bertsolaritzari buruzko bizpahiru liburu daude izkinako postuko ertz batean; sukaldaritzako lauzpabost ondoan, eta Tintinen komikiren bat ere bai, aurrerago. Xabier Goenaga dago barruan; Donostiako Egia auzoan du denda, eta urtero joaten da liburu zaharren azokara: «Liburuez gain, kartelak, diskoak eta bestelakoak ere baditugu». Gizon batek liburu lodi bat hartu du esku artean; Donostia irakur daiteke haren azalean. Bizpahiru minutuz begira egon da, eta erostea erabaki du. «Donostiari buruzko liburuak eta nobelak saltzen ditugu gehien», esan du Goenagak, liburua kobratu bitartean.

Azal gastatuak eta kolore hilak dira nagusi postuetan. Bada, ordea, kolore biziagoak dituen salmahai bat guztien artean: marrazki berdeak, urdinak, arrosak eta gorriak dira nagusi; umeentzako liburuak daude. Haietako bat erosi du Koruko Zinkunegik, Animalia zaratatsuak: «Bilobak urtebete beteko du etzi, eta hari oparitzeko erosi dut». Senarra eta biak dabiltza azokan; urteroko usadioa dute, eta, zer erosi erabakita ez badute ere, zerbait erosiko dutela uste du Zinkunegik.

Hamar bat postu daude orotara Gipuzkoa plazako arkupeen babesean. Postuz postu dabil jendea, baina bada haietako bat zenbaiti atentzioa eman diona: Bilboko Eurolibro liburu dendarena da. Salmahaiak museo bat dirudi. Haren berezitasunak azaltzen ari da Jose Antonio Valladares: «Obra grafikoak, grabatuak, litografiak eta halakoak ditugu. Autore oso onen lanak dira: Schlotter, Javier Clavo eta Daniel Viergerenak, esaterako». Jendea postura joaten den arren ale oso gutxi saltzen dituztela azaldu du: «Diru asko behar da liburuok erosteko; Schlotterren Don Quijote liburuak, esaterako, 7.000 euro inguru balio ditu».

Eurolibrorena salbuespen bat da, ordea; izan ere, postu askotan lauzpabost euroren truke eros daitezke liburuak. Haietako bat da Iñaki Astorkiarena: «Asko saltzen dugu; 3-4 euroren truke eros ditzakezu lanak». Bilboko Maceda liburu dendak 30 urtetik gora daramatza azokan parte hartzen. «Hemen ditugun liburu asko deskatalogatuta daude, eta zaila da topatzea», adierazi du.

Liburuak, sartu eta atera

Maria Abarzuzak plazaren ertzean dauka postua; Iruñetik joan da Donostiara. Liburu motaren arabera dauka sailkatuta mahaia; nobela historikoak, nobela beltza, filosofia, poesia, saiakera... irakur daiteke sorta bakoitzaren gainean. «Liburu bakoitzaren ale bat dugu; euskal gaiei eta filosofiari buruzkoak dira gehien saltzen ditugunak». Maider Hiriberri Nobelei begira dago: «Donostiara etorri naiz, eta azoka topatu dut, ustekabean; istorio errealei buruzko nobelak gustatzen zaizkit; ea zerbait topatzen dudan».

Imanol Ugarte Abarzuzaren postuaren ondotik igaro da. Hondarribikoa da (Gipuzkoa), eta, azokan denboratxo bat badaraman arren, oraindik ez du libururik erosi. «Enrique Krauzeren liburu interesgarri batzuk ikusi ditut. Erosi ala ez pentsatu behar dut». Ugarteren arabera, liburutegia bizirik dagoen zerbait da: «Liburu batzuk sartu egiten dira, eta beste batzuk atera». Liburutegia nola, azoka bera ere hala dago, bizirik. Han sartu eta atera ibiliko da jendea datozen bi asteetan, orri horien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.