ATZEKOZ AURRERA

Arte irekien eguna

Ikasle gazteek eta jende edadetuak bete zituzten Donostiako kai aldeko museoak atzo goizean. Izan ere, maiatzaren 18a Museoen Eguna da. Sarrerak doan, eta ikusmin handia.

Aquariumak, atzo ere, jende oldea erakarri zuen. GORKA RUBIO / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ostegun buruzuri bat. Ikasleak hara eta hona bazkari bete motxila soinean, Donostiako Abuztuaren 31ko kalean barrena. Batzuek, Zuloaga plaza helmuga; besteek, kaia; ez ausaz, Museoen Nazioarteko Egunean.

Maiatzeko giro eguzkitsuak besterik iradoki zezakeen arren, egun arrunta zen kalean. Museoetan, baina, sarrerak doan izateaz gain, bazen ezustekorik ere.

San Telmo museoak, esaterako, Zatoz zugana bisita gidatuak antolatuak zituen 12:00etarako eta 17:00etarako. Lekua erreserbatzea baino ez zuten egin behar bisitariek. Aldi baterako bi erakusketa ikus daitezke han: Amable Arias banbalinetan maiatzaren 28ra arte, eta 90 berriak ekainaren 4ra arte.

Ikusi gehiago:Argazki galeria: Museoen Nazioarteko Eguna

Lehen erakusketak Amable Ariasen akuarela sorta bat biltzen du. 1951n, Ariasen amak Antzoki Zaharreko arropazaindegiaren ardura hartu zuen, eta horrek aukera eman zion artistari ordura arte ezagututakoaz oso bestelako mundu femenino bat ezagutzeko. Banbalinetako giro hura dago 1955 eta 1959 bitartean sortutako obra sorta horren jatorrian.

Bigarrenean, ostera, 1990eko hamarkadan lan egin zuten hainbat artista kolektibo erakusten ditu Nagore Aranburuk. Teknologia berriak deitu zituzten tresneria askoren garrantzia aztertuz hasten da, batez ere, bideo formatuko artea ikertzetik garatu zirenak.

Museoak baditu, gainera, bost erakusketa iraunkor ere. Tartean, instalazio bat: Paperezko inperio baten atlasa deitu dutena. Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek tresna bat sortu dute San Telmo museoko artxiboaren mapen bilduman espedizio bat egin ahal izateko. Dokumentu bakoitzean kamera bat mugitzen duen beso robotiko batekin.

Errenazimentura bitarteko aleak batzen ditu instalazioak. Museoak gordetzen duen fraide domingotarren komentu zaharraren planoetatik hasi, eta Euskal Herriko probintzietan zehar zabalduz. Iberiar penintsula osoa hartzen du, baita ozeanoak zeharkatu ere, antzinako kolonietako kostaldeen mapak erakutsita.

Moilara bidean

Kaialdera bidean, emakume pentsiodunen talde bat doa paseoan. Euskal Itsas Museoaren ateetan nahaspilatu dira, batak besteari galdetuz ea dohan zen sarrera. Azkenean, sartu dira. Ondareari begira erakusketa ikustea aukeratu dute lehenengo. Uztailaren 30era arte egongo da. Zazpi urteko ibilbidea da, izen bereko argazki lehiaketan parte hartu duten pertsonen 600 argazki baino gehiagoren hautaketa txiki batek osatzen duena. Bakoitzak ondare jakin batean jarri du arreta.

Bada beste erakusketa bat ere: horrek gehiago iraungo du, 2024ko urtarrilaren 26ra arte egongo baita han: Moilak. Tradizioz berritzaileak izena jarri diote. Azken bi mendeetan euskal portuek izan duten garrantzia biltzen du erakusketak. Moila hitza erabiltzen dute Gipuzkoako kostaldean portuak izendatzeko. Erakusketak azaldu nahi du portuak ezinbesteko bitartekoak direla itsasotik lurrera eta lurretik itsasora iritsi ahal izateko.

Egoera ekonomikoak, politikoak eta diplomatikoak horiek ireki edo ixtea baldintzatzen duela azaltzen da; sarbideak edo ateak dira. Pertsonak, salgaiak, ideiak, proiektuak eta kulturak lekuz aldatzeko tokiak baitira portuak, oro har.

Minutu bateko tartea dago oinez Euskal Itsas Museotik Aquariumera. Baina sartzea, sarrera doan denetan gertatu ohi denez, konplikatu egiten da jende asko dagoenean. Arazorik ez dute izango museozaleek, ordea, Euskal Herriko txoko askotan egongo delako zer ikusi asteburuan. Izan ere, Museoen Eguna maiatzaren 18an izanagatik, askotariko egitaraua ondu dute gaurko eta biharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.