Zeledon berdinzalea

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna izango da aurtengo Zeledon Egunaren ardatza. Emakume pilotari onenak lehian ariko dira

2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Zeledon Eguna ospatuko dute gaur Zalduondon (Araba). Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak hasi aurretik agurra egingo diote Zeledoni. Aurten, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egingo dute festan, eta hori izango da, hain zuzen, jai egunaren ardatza: ikuskizuna emango dute emakume pilotaririk onenek.

Leire Garai eta Patri Espinar, Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka arituko dira. Garatek Arabako lau eta erdiko txapela du. Espinarrek, berriz, munduko txapela irabazi zuen Euskal Herriko selekzioarekin One Wall-en. Beste bikotea ere maila handikoa da: Larrartek bigarren postua lortu zuen lau eta erdiko San Fermin torneoan. Ruiz de Larramendi, bestalde, San Miguel pilota elkarteko kidea da.

Pilota ikuskizunaz gain, indarkeria matxistaren aurkako photocall bat jarriko dute Zalduondon.

Zalduondokoa, jatorriz

Zalduondoko Udalaren, Vital Fundazioaren eta Arabako Euskal Pilota Elkartearen artean antolatu dute egitasmoa. Euren helburuak dira emakumeen kirolari ikusgarritasuna ematea, eta emakumeak kirola egitera bultzatzea.

Suziria bota ostean, 20:00etan, Zeledonen omenez eginiko iturriak Arabar Errioxako ardoa botako du. Urtero bezala, bisitari asko bilduko da iturriko ardoa edatera.

Zalduondon jaio zen Zeledon, orain dela 200 urte baino gehiago, 1796ko irailaren 25ean. Igeltseroa zen lanbidez, eta, langile ospea bazuen ere, parrandazale amorratua omen zen. Zalduondon hazi zen, baina 21 urterekin Gasteizera joan zen bizitzera, Zapateria kalera. Gaur, estimu handian dute zalduondoarrek.

Zeledon Eguna

Gaur, Zalduondon (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.