Bisita harresira, gauez
1Bisita gidatu bereziak antolatu dituzte Artaxoan abuztuko eta iraileko larunbatetarako, Iluntzeak dragoi teilatutik izenekoak: halako teilatu bakarra omen da munduan. San Saturnino eliza-gotorlekuan dira bisitak: barrunbeak, euri-ura jasotzeko sistema eta modu artistikoan argiztatutako harresia ezagutzeko aukera izango da.
Monumentu historikoa da Artaxoako eliza-gotorleku hori. 1085. urtean hasi ziren eraikitzen, Tolosako (Okzitania) Saint Seningo kalonjeen enkarguz; bukatu, 1109. urtean bukatu zuten. Errege, jauntxo eta elizgizon ugarik nahi izan zuten hura eskuratu, eta hainbat borroka eragin zituzten: hori dela eta, hainbatetan berreraiki behar izan dute gotorlekua, batik bat, Karlos II.a erregearen garaian (Evreux, Frantzia, 1332-Iruñea, 1387; Evreuxkoa eta Gaiztoa ezizenekin ezagutua).
Jatorrian hamalau dorre zituen harresiak, baina bederatzik iraun dute gaur arte. San Migel eta Remahua zubietatik sar daiteke harresi barrutira; biak ere gotorlekua eraiki zuten garai berekoak dira. Eliza-gotorlekua zelatarako gune garrantzitsua izan zen, kanpandorre gisa funtzionatzeaz gain.
Portale gotiko oso berezia dauka, XIII. mende amaierakoa. Elizak erretaula gotiko bat du, 1505. eta 1515. urteen artean egindakoa. Duela gutxi, lurpeko ur biltegi bat aurkitu dute, elizaren iparreko aldean: 28 metro karratukoa da, eta hiru metroko sakonera du.
Eguzkia sartu baino hogei minutu lehenago hasten dira bisitak, eta beharrezkoa da aurrez izena ematea, sarrera mugatua baita. Informazio gehiago www. reinodeartajona.com webgunean lor daiteke.
Artaxoako harresia
Abuztuko eta iraileko larunbatetan, iluntzetan, Artaxoan (Nafarroa).Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.