Errautsetako historia

1813ko sarraskia oroitzeko antzerkia egingo du gaur Donostia Sutan 1813 elkarteak. Hitzaldia eta zuzi martxa izango dira datozen egunetan

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Gipuzkoako hiriburuaren historian egun beltza da 1813ko abuztuaren 31; tropa ingeles eta portugaldarrek ehunka herritar hil eta bortxatu zituzten, baita hiria erre ere. Abuztuaren 31 ate joka da, eta errautsen artean ezkutatutako memoria plazaratuko du Donostia Sutan 1813 elkarteak: 1813, isildutako sarraskia antzerki ibiltaria egingo dute herritarrek gaur iluntzean.

«Egoera nolakoa zen, zer gertatu zen eta protagonistak zein ziren azalduko dugu», aurreratu du Josean Catalan elkarteko kideak. Bretxatik abiatuko dira, frantziarrak nola iritsi ziren gogoratuz, eta Plaza Berrira arteko bidea egingo dute; bospasei geldialdi egingo dituzte, garai hartako gertaerak gogoratuz; bidean, besteak beste, sarraskia jasandakoen testigantzak irakurriko dituzte.

Sarraskiak, ospakizun

Bataila militarra baino gehiago, herritarrek jasandako sarraskia ezagutarazteko asmoz egiten dute emanaldia, Catalanek argitu duenez. Sarraskiaren 200. urteurrenaren harira ekin zioten oroimena lantzeari, eta urtero egiten dute; 35 eta 40 lagun inguru ariko dira aurten ere antzezle lanetan.

Memoriaren bidea egingo dute donostiarrek gaur, baina ez da ekitaldi bakarra izango: datorren asteazkenean, abuztuak 29, hitzaldia emango du Markel Ormazabalek, sarraskiak jaiegun bihurtzeari buruz: «Horrelako sarraskiak ospatu egiten dira batzuetan; lehen 'abuztuaren 31ko jaia' deitzen zion zenbaitek», gogoratu du Catalanek.

Hitzaldiaz gain, zuzi martxa ere egingo dute; irailaren 7an izango da, eta tropa frantsesek Donostiatik ateratzeko orduan egindako desfile militarra oroituko dute.

'1813, isildutako sarraskia' antzerki ibiltaria

Gaur, 20:30ean, DonostiakoBretxatik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.