Datorren asteko estreinaldiak

Unibertso propio baten jabe den ahotsa

Carlos Vermut zuzendariak genero dramatikoan sakondu du 'Quién te cantará' bere hirugarren filmean

Najwa Nimri da filmeko protagonistetako bat, Eva Llorach, Carme Elias eta Natalia de Molinarekin batera. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
2011n guztiz ezezaguna zen zuzendari batek bere lehen film luzea egin zuen. Bera zen, zuzendaria ez ezik, gidoiaren eta argazkiaren arduraduna ere. Eta, horretarako, Psicosoda Films izeneko ekoiztetxea sortu zuen, idatzita zeukan gidoiak batere interesik ez zuela sortu ikusi ondoren.

Balentria ez zen horretara mugatu, orduko merkatu zinematografikoaren logikatik kanpo filma online estreinatzea erabaki baitzuen Espainiako plataforma alternatibo batean. Ustekabean, estreinatu eta berehala, pelikulak arrakasta handia bildu zuen, eta bi astez plataforman gehien ikusitakoa izan zen. Horren ostean, aretoetan estreinatu zen.

film horrek Diamond Flash zuen izena, eta haren atzean zegoen sortzailea Carlos Vermut zen. Zinema beltza, fantastikoa eta drama uztartzen dituen istorio sailkaezin bat da Diamond Flash, David Lynchen zinemaren eragin nabaria duena.

Gisako debuta egin ostean, ikusmin handia sortu zuen Vermuten hurrengo urratsak. Bigarren filma Magical Girl izan zen; 2014. urteko Torontoko zinemaldian estreinatu zuen, eta gero Donostiakoan. Han, merezimendu osoz, Urrezko Maskorra eskuratu zuen.

Lehenengoaren aldean, nabaria da baliabide gehiago izan zituela zinemagileak, baina, gainerakoan, erakutsitako dohainak eta ezaugarri nagusiak mantentzen zituen Magical Girl-ek.

Drama psikologikotzat hartzen ahal da istorioa, baina hori baino askoz gehiago du filmak. Istorio gurutzatuekin jolasean dabil, eta Luis Bermejo, Jose Sacristan beteranoa eta Barbara Lennie ditu protagonista. Azken horrek, pelikulan egindako lanagatik, urte horretako emakumezko aktore onenaren Goya saria irabazi zuen.

Saririk gabe

Vermutek beste lau urte hartu ditu hirugarren filma ontzeko, eta berriro ere Donostiako Zinemaldira ekarri du, aretoetako bidea hasi aurretik. Aurten ez du saririk eskuratu, baina oso kritika onak izan zituen Quién te cantará film berriak. Aurreko bi filmetako erregistroa aldatuta, zuzendaria zertxobait aldendu da iluntasunetik, eta dramaren bidean sakondu du. Herri kulturarekiko lotura, identitatearen afera, emakumeen erabateko protagonismoa, musikaren erabilera... pelikulak dituen hainbat ezaugarrik ia ezinbestekoa egin dute Pedro Almodovarren azken urteotako zinemarekin alderatzea.

Interpretazio intensoak dituen lan bat da Quién te cantará, eta, lan horretarako, bere lehen filmean aritu zen Eva Llorachengana jo du berriro ere. Harekin batera, Najwa Nimri, Carme Elias eta Natalia de Molina daude.

Lili Cassen arrakasta handiko abeslaria izan zen 1990eko hamarkadan. Hainbat urtez erretiratuta egon ondoren, itzulerako bira prestatzen hasi da. Orduan, istripu bat izan eta memoria galduko du. Aldi berean, Violetak bizimodu zaila du, eta ihesbide bakarra du: Lili Cassenen abestiak kantatzea herriko karaokean.

'QUIéN TE CANTARá'

Zuzendaria. Carlos Vermut.

Aktoreak. Najwa Nimri, Eva Llorach, Carme Elias, Natalia de Molina.

Herrialdea. Espainia.

Urtea. 2018.

Iraupena. 124 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.