Datorren asteko estreinaldiak

Ikuskizunak aurrera egin behar du

'Millennium' sailak ez du etenik, eta, liburu berriaren ostean, haren gaineko pelikula egin du Fede Alvarezek

Claire Foy aktoreak jokatzen du filmeko rol protagonista. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ez da denbora luzea igaro ezinbesteko osagarria zenetik; Millennium saileko liburukoteetako bat besapean, baina nabarmen, eramatea ia derrigor bihurtu zen. Hiru ziren liburuak, eta berdin zion zein eraman; pisuak pisu, guztiz in zen erakustaldia egitea.

Trilogiako liburuak erruz saldu ziren, eta, neurri handi batean, Europako iparraldeko herrialdeetako nobela beltzaren arrakastaren akuilu izan ziren. Hortik aurrera, ahoskatzeko oso zail ziren idazleen izen-abizenak ezagutu behar izan zituzten irakurleek, eta kolore biziko, orrialde askoko eta prezio handiegiko liburuekin hornitu behar izan zituzten etxeko apalategiak.

Hamahiru urte joan dira Stieg Larssonek Män som hatar kvinnor trilogiaren lehen liburua argitaratu zuenetik, eta orduko sugarraldia nahikotxo baretu da. Orain beste liburu batzuk dira modako, beste egile batzuek betetzen dituzte igandekarietako azalak.

Nolanahi ere, batzuek ez dute amore eman, eta behinola Millennium saila izan zen negozioari eutsi nahi diote, kosta ahala kosta, Larssonekin ala gabe. Izan ere, idazlea 2004an hil zen, bihotzeko batek jota, bere obraren arrakastarik gorena ezagutu gabe. Egilea hilda eta trilogiako hiru liburuak argitaratuta, ematen zuen Millennium-enak egin zuela. Baina ez zen horrela gertatu.

2015ean, Det som inte dödar oss liburua argitaratu zuten mundu osoan. David Lagercrantz izeneko idazle batek idatzia zen eleberria, eta Millennium sailaren laugarren liburu gisa aurkeztu zuten. Argi zegoen mezua: egilerik gabe ere, ikuskizunak aurrera egin behar zuen.

Filmekin, berdintsu

Hain zuzen ere, duela hiru urteko eleberri horretatik dator orain The Girl in the Spider's Web pelikula. Ekoizpen estatubatuarra da, aurretik sailaren gainean egin ziren pelikulei segida eman nahi diena. Baina kontua da film horrekin ere liburuekin gertatutakoa gertatu dela.

Izan ere, Millennium sailak bi bide zinematografiko izan ditu. Batetik, Suedian bertan egin zena. Bertan jatorrizko trilogiako hiru liburuen egokitzapenak egin zituzten, hirurak 2009an. Niels Arden Oplev eta Daniel Alfredson izan ziren filmok zuzentzeaz arduratu zirenak. Hortik abiatuta, telesail laburra prestatu zuen telebista suediarrak.

2011n, berriz, Hollywoodera ailegatu zen, eta The Girl with the Dragon Tattoo filma egin zuen David Fincher ezagunak. Rol nagusietan Rooney Mara eta Daniel Craig zeuden, eta filmak nahiko harrera ona izan zuen. Dena den, kontua horretan gelditu zen, trilogiako beste bi liburuak bertsio estatubatuarrik gabe gelditu ziren.

Hortaz, egin ez diren bi pelikula horien gainean elipsi erraldoi bat egin eta zuzenean laugarrenera salto egitea da Hollywoodek egin duena. Eta liburuarekin egin bezala, erabateko aldaketa da proposatzen dutena, ez David Fincher, ez Mara, ezta Craig ere ez daude Millennium saileko atal berri honetan. Dena da berria, baina betiko moldean egina.

'THE GIRL IN THE SPIDER'S WEB'

Zuzendaria. Fede Alvarez.

Aktoreak. Claire Foy, Sverrir Gudnason, Vicky Kripes, Sylvia Hoeks.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018. Iraupena. 117 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.