Datorren asteko estreinaldiak

Naturaren erritmo ziklikoa

Donostiako Zinemaldiko harrera onaren ostean, aretoetara iritsiko da Telmo Esnalen 'Dantza' filma. Guztira, Euskal Herriko 250 dantzarik parte hartu dute
Koldobika Jauregi eta Telmo Esnal duela zazpi urte hasi ziren filmerako ideia garatzen.
Koldobika Jauregi eta Telmo Esnal duela zazpi urte hasi ziren filmerako ideia garatzen. TXINTXUA FILMS

Gontzal Agote -

2018ko abenduak 15
Euskal pelikula bakarra izan zen aurtengo Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean. Dantza izan zen film hori, baina lehiaketaz kanpo aurkeztu zuten. Hala ere, Telmo Esnalek zuzendutakoa sail horretan ikusi ahal izan zen pelikularik ausartena eta berritzaileena izan zen, Urrezko Maskorraren lehian sartu ziren beste askoren lotsarako.

Konplexuak konplexu, aretoetako bideari ekinen dio orain filmak. Aurrejuzgurik ez duten ikusleen bila abiatuko da: ez da dokumentala, ez da fikzioa, ez da bete-betean pelikula esperimentala. Zentzumenez gozatzeko esperientzia bisual eta narratiboa da, hitzik gabe kulturaz eta herriaz gauza asko esaten dituena.

Orain dela zazpi urte hasi ziren hitz egiten Telmo Esnal zuzendaria eta Koldobika Jauregi artista dantzaren inguruan zerbait egiteko aukeraz. Proiektuak, hain zuzen, Juan Antonio Urbeltzek urteetan egindako lana zuen oinarri. Poliki-poliki, hasierako ideia hori mamituz joan zen. Urbeltzek filmean ere parte hartu du, koreografo gisa.

Jauregi, berriz, produkzioaren diseinatzailea izan da. Haren eskutik etorri da filmak duen estetika berezi eta erakargarria, tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen dituena. Horrez gain, Pascal Gaigne arduratu da pelikulan etengabe entzuten den musika moldatzeaz. Esnalek nabarmendu du pelikula talde lanaren emaitza izan dela.

Haren esanetan, dantzak baliatuta kontakizun zikliko bat kontatu nahi izan dute, denboraz kanpo dagoen istorio bat, eta edozein herriren historia izaten ahal dena. Bizitzarekin, ereintzarekin, uztarekin eta naturarekin zerikusi handia duen istorio bat da. Horretarako, euskal dantzetan dauden sinbologiak baliatu dituzte, ezkutukoak zein agerikoak: zintak, ezpatak, sokadantzak...

Filma Gipuzkoa, Bizkai, Nafarroa eta Lapurdiko hainbat tokitan filmatuta dago. Zaragozan ere (Espainia) filmatu zituzten sekuentzietako batzuk. Dantza izenburu duen pelikula batean, dantzariak dira protagonista nagusiak, nola bestela. Osotara, 250 dantzarik hartu dute parte filmean, Donostia, Iruñe, Añorga, Eibar eta Elgoibarko taldeetakoak.

Etxebestetarrekin dantzan

Telmo Esnalen hirugarren film luzea da Dantza. Film laburretan trebatu zen zinemagilea: Txotx era 0 ezetz, biak ala biak Asier Altunarekin; Taxi?, Amona putz!. 2005ean, berriz, euskal zineman mugarri izan zen Aupa Etxebeste! egin zuten Esnalek eta Altunak.

Hortik sei urtera, euskal zinemako beste harribitxi bat egin zuen zinemagileak, Urteberri, on amona!. Azken urteotan beste euskal film batzuek izan duten oihartzuna lortu ez bazuen ere, filmak bide berriak urratu zituen: komedia beltz bikaina da.

Dantza estreinatu berri dela, dagoeneko hurrengo proiektuan murgilduta dago Telmo Esnal, berriro ere Asier Altunarekin Agur, Etxebeste! ari dira filmatzen, film arrakastatsuari segida emanen diona.

'DANTZA'

Zuzendaria. Telmo Esnal.

Herrialdea. Euskal Herria.

Urtea. 2018.

Iraupena. 98 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna