Datorren asteko estreinaldiak

Frantziar moldeko western bat

Jacques Audiard zinema zuzendariak bere lehen ekoizpen estatubatuarra zuzendu du : 'The Sisters Brothers'

John C. Reilly eta Joaquin Phoenix aktoreak, filmeko eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
2009ko Un prophète filmak Jacques Audiard nazioartean ezagutarazteko balio izan zuen. Kartzela giroko istorio ilun hark arrakasta handia izan zuen, eta sari ugari eskuratu, horien artean Cannesko zinemaldiko epaimahaiaren saria.

Nolanahi ere, ordurako jada ibilbide oparoa eta interesgarria egina zuen zinemagile frantziarrak. Izan ere, 1994koa da haren lehenengo film luzea, Jean-Louis Trintignant eta Mathieu Kassovitz protagonista zituen Regarde les hommes tomber.

Horren ostean, Un heros très discret eta Sur mes lèvres iritsi ziren, 1996an eta 2001ean, hurrenez hurren. 2005ean, berriz, ospea emanen zion filma egin aurretik, oihartzun dezentekoa izan zuen beste drama bat estreinatu zuen, De battre mon coeur s'est arrêté. Frantzian zein atzerrian sari eta izendapen ugari izan zituen filmak.

Un prophète-n ostean, ikusmin handia zegoen Audiarden hurrengo pausoa zein izanen zen ikusteko. 2012an Craig Davidsonen eleberri batean oinarritu zen De rouille et d'os drama erromantikoa egiteko, Marion Cotillard eta Matthias Schoenaertsekin. Filmak harrera ona izan arren, ez zen izan askok Un prophète-ren ondoren espero zuten film mota.

Hiru urte geroago, Jacques Audiardek zinemagile gehienen ametsa bete zuen: Cannesen Urrezko Palma irabaztea. Dheepan ez da haren filmik onena, baina, askoren ustez, munduko zinemaldirik ospetsuenak zor handi bat zuen zuzendariarekin; 2012an gehienek uste izan baitzuten Un prophète izan zela edizio horretako filmik onena.

Topikoetatik ihesi

Orain, AEBetara egin du salto frantziarrak. Eta ez nolanahi, gainera, The Sisters Brothers-ekin zinema estatubatuarraren berezko generoan murgildu baita bete-betean, westernean alegia.

Nonbait, John C. Reilly aktorea bera —filmetako protagonistetako bat dena— izan zen Audiardi lehenengo proposamena egin ziona. Reilly filmaren oinarri izan den Patrick deWitt idazlearen eskubideak erosiak zituen, eta Audiardi horren moldaketa zinematografikoa egitea proposatu zion.

Hasieran, zinemagileak ez omen zuen garbi ikusten: sobera estatubatuarra iruditzen zitzaion istorioa. Azkenean, baina, zalantzak uxatu, eta baiezkoa eman zion The Sisters Brothers egiteari.

Western garaikide eta berezia da, Audiardek argi baitzuen ez zuela topikoen gainean eraikitako film bat egin nahi. Pertsonaien alderdi psikologikoa landu nahi izan zuen, eta, ohiko paisaietatik aldenduta, Espainian eta Errumanian egin zuen filmaketa.

Eta, berriro ere, estreinatu eta berehala hasi dira kritika onak eta sariak ailegatzen. The Sisters Brothers-ek zuzendari onenaren saria irabazi zuen iazko Veneziako zinemaldian. Halaber, lau Zesar sari irabazi zituen, horien artean zuzendari onenarena ere.

'THE SISTER BROTHERS'

Zuzendaria. Jacques Audiard.

Aktoreak. Joaquin Phoenix, John C. Reilly, Jake Gyllenhaal, Riz Ahmed, Rebecca Root.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 121 minutu.

Generoa. Westerna.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.