Datorren asteko estreinaldiak

XVIII. mendeko koadro intimista

Celine Sciamma zuzendariaren laugarren lan luzea da 'Portrait de la jeune fille en feu', margolari bati buruzko filma

Adele Haenel eta Noemie Merlant aktoreak, filmeko eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ez zuen sari nagusia irabazi, baina aurtengo Cannesko zinemaldian zeresan handia eman zuen Celine Sciammaren azken filmak; izan ere, kritikak oso harrera ona egin zion XVIII. mendean girotutako drama horri. Halaber, gidoi onenaren saria lortu zuen zuzendariak.

1770. urtean, Marianne izeneko pintoreak mandatu bat jasoko du: ezkontzekoa den Heloiseren erretratua margotu behar du. Ezkongaiak, baina, ez du erretratua egin nahi, eta, horrez ondorioz, Mariannek ezkutuan egin beharko du lana. Horrek Heloiseren egunerokoa ezagutzeko aukera emanen dio, eta laster ohartuko da gazteak ez duela ezkondu nahi.

Filma egiten hasi aurretik, ikerketa lanari ekin zion Sciammak, eta horrela jakin zuen XVIII. mendean emakume margolari asko izan zirela, bereziki erretratuak landu zituztenak. Horietako gutxi batzuk ezagunak dira gaur egun; gehienak, ordea, ahanzturan gelditu dira.

Dena den, zinemagileak erabaki zuen filma ez zuela osatuko existitu zen margolari baten gainean, eta nahiago izan zuen pintore bat asmatu, ahaztutako pintore horien bilduma izango zena nolabait. Horrela sortu zen Marianeren pertsonaia. Hortaz, filmean agertzen diren koadroak ere ez dira inoiz existitu.

Era berean, beste hautu estetiko bat egin zuen zuzendariak, filma musikarik gabe egitea erabaki baitzuen. Maitasun istorio bat kontatzen da bertan, eta halakoetan ohikoa da hainbat memento musikaren bitartez azpimarratzea. Sciammak, aldiz, nahiago izan du isiltasunari garrantzia eman eta eszenen arteko erritmo propioa sortu.

Erretratuak

Noemi Merlant eta Adele Haenel dira Portrait de la jeune fille en feu-ren aktore protagonistak. Lehenengoa 2016ko Le ciel attendra filmarekin egin zen ezaguna, eta bigarrena, berriz, azken urteotako frantziar aktorerik inportanteenetakoa da.

Hain zuzen ere, Sciammak berak eman zion lehen aukera handia aktoreari, 2007ko Naissance des pieuvres filmarekin. Orduz gerotik, Haenelek Bertrand Bonello, Andre Techine, Robin Campillo eta Dardenne anaiekin egin du lan, besteak beste.

Adele Haenel ezagutzera emateko balio izateaz gain, Naissance de pieuvres Celine Sciammaren lehen film luzea izan zen. Kritika onak izan zituen bi gazteren arteko maitasun istorioak, eta zinemagileari aukera eman zion bigarren proiektuari ekiteko.

2011n ailegatu zen Tomboy, haurtzaroaren gaineko istorio samurra, Laure/Michael begiradaren bitartez kontatuta dagoena. Bigarren film horrek ia aho batezko onespena izan zuen, baita hainbat sari jaso ere, Buenos Aires, Gijon eta Berlingo zinemaldietan, besteak beste.

Sciammaren orain arteko azken filma 2014ko Bande de filles zen. Beste behin ere, eraikitzen ari den nerabezaroaren gaineko begirada berezia da, kasu honetan askatasunez jokatzen duen gaztetxo talde baten bitartez.

'PORTRAIT DE LA JEUNE FILLE EN FEU'

Zuzendaria. Celine Sciamma.

Aktoreak. Adele Haenel, Noemie Merlant, luana Bajrami, Valeria Golino, Cecile Morel.

Herrialdea. Frantzia.

Urtea. 2019.

Iraupena. 120 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.