Datorren asteko estreinaldiak

Talde lana oinarri duten proiektuak

Zinemaldiko arrakastaren ondotik, aretoetara iritsiko da Arregi, Garaño eta Goenagaren 'La trinchera infinita'

Higinio filmeko protagonistak 30 urte egingo ditu ezkutuan, 36ko gerra eta gero. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hasteko, asimilazio kulturalaz hitz batzuk: Espainian gehien saltzen den egunkarietako batean idatzi zituztenak La trinchera infinita-k Donostiako Zinemaldian sari oso garrantzitsuak jaso eta gero. Kazetariaren arabera, sari horiekin euskal gaietatik urrundu izana saritu zieten Aitor Arregiri, Jon Garañori eta Jose Mari Goenagari.

Baina azterketaren sakontasuna ez zuen horretara mugatu, kazetari kosmopolitak segidan idatzi baitzuen horrek erakusten zuela gaztelerara salto egitea—euskara alde batera utzirik— eta handinahikeria direla jarraitu beharreko bidea —Euskal Herritik kanpo gertatzen da trama, 36ko gerra garaiko eta ondorengo Malagan—. Horraino; norberak atera ditzala bere ondorioak.

Bideak bide, eta munduak mundu, kontua da Moriarti ekoiztetxearen azken ekoizpena iragan Donostiako Zinemaldiko garaileetako bat izan zela. Filmak ez zuen eskuratu Urrezko Maskor gutiziatua, baina trukean bi sari garrantzitsu eskuratu zituen, zuzendari onenena eta gidoi onenarena. Horiekin batera, Fipresci, Irizar eta Feroz sariak ere lortu zituzten.

Hirurak zuzendari

Sari zaparradak ezohiko irudia utzi zuen sariak emateko ekitaldian, hiru baitira filmeko zuzendariak eta hirurak igo baitziren saria jasotzera. Anekdotaz harago, irudi horrek erakusten du Moriartikoena talde lana dela; ez soilik La trinchera infinita honetan, baita aurretik egindako beste proiektuetan ere. Batzuetan kameraren atzean, beste batzuetan ekoizpenean edo gidoiaren idazketan, ekoiztetxeko kideek jakin dute izaera kolektiboa ematen haien lanei.

Arregi, Goenaga, Garaño hirukotea da koktel horren ezinbesteko osagaia, haiek zuzendutako lanetan —Lucio, Loreak...— eta beste batzuek zuzendaritzaren ardura hartu izan dutenean ere bai; Arrieta metodoa-n, esate baterako.

Filosofia horrekin ezinbesteko ekarpena egin diote euskal zinemaren egungo loraldiari. Aurretik egindako lanaren segida, 2010eko 80 egunean filmak beste dimentsio batera ekarri zuen euskal narratiba zinematografikoa, eta lau urte geroago estreinatu zen Loreak mugarria izan zen. Handia sarituarekin munta handiagoko proiektuei heltzeko ausardia erakutsi zuten, eta oraingo La trinchera infinita horren berrespena baino ez da.

Andaluzian filmatu zuten, eta Higinioren eta Rosaren istorioa kontatzen du filmak. Ezkonberritan, 36ko gerra hasiko da, eta Higiniok arrisku bizian ikusiko du bere burua. Emaztearen laguntzaz, zulo batean ezkutatuko da. Egonaldi laburra izatekoa zena luzatu egingo da, eta azkenean 30 urte baino gehiago eman beharko ditu itxialdian.

'LA TRINCHERA INFINITA'

Zuzendaria. Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Maria Goenaga.

Aktoreak. Antonio de la Torre, Belen Cuesta, Jose Manuel Poga, Vicente Vergara.

Herrialdea. Euskal Herria

Urtea. 2019. Generoa. Drama.

Iraupena. 147 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.