Datorren asteko estreinaldiak

Zinema izar baten egoa eta familia gatazkak

Hirokazu Kore-eda zuzendariak Japoniatik kanpo egin duen lehen filma da 'La vérité'

Juliette Binoche eta Ethan Hawke filmeko eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
2018rako zuzendari errespetatua zen Hirokazu Kore-eda, baina, urte horretan Canneseko Urrezko Palma irabazi, eta sariak berriro ere lehen mailara ekarri zuen zinemagile japoniarra. Ez zen soilik saria izan: iaz estreinatu zuten Manbiki Kazoku-k oso harrera ona izan zuen, kritikaren laudorioak zein ikusleen txaloak.

Horren ostean, aspaldian baztertua zuen proiektu bati ekiteko aukera ikusi zuen Kore-edak. Izan ere, 2003an hasi zen idazten azkenean La vérité izan denaren hasierako gidoia. Urte hauetan guztietan zirriborroarekin atzera eta aurrera ibili ostean, hura aurrera eramateko tenore egokia zela ikusi zuen zuzendariak.

Horretarako, beste akuilu bat izan zuen: Juliette Binoche aktorea. Biek 2011n ezagutu zuten elkar, eta orduko hartan frantziarrak esan omen zion egunen batean zerbait egin behar zutela elkarrekin. Hitzak ez ziren hutsean gelditu, eta, azkenean, elkarlana gauzatzerik izan dute.

Kore-edak berak aitortu duenez, harentzat erronka handia izan da bere sorterritik kanpo filmatzea, menderatzen ez duen hizkuntza batean eta atzerriko laguntzaile talde batekin lanean. Hala ere, argi zuen istorioak Frantzian gertatu behar zuela, eta bertako aktoreek behar zutela izan protagonista.

Alde horretatik, zinemagileak ez zuen koplarik erabili, eta Frantziako zinemako bi izen handi aukeratu zituen La vérité-ko rol nagusietarako: Juliette Binoche bera eta Catherine Deneuve. Azken horren alter ego moduko bat da bere pertsonaia, Frantziako izar handienetakoa baita, izaera zaila duena. Bi aktore horien ondoan, sona handiko beste izen bat bildu zuten filmerako, Ethan Hawke estatubatuarra.

Komedia ukituak

Horiekin guztiekin, drama eta komedia artean kulunkatzen den zinemarekin lotutako istorioa da La vérité. Fabienne zinema izar handia da, bere irudia asko zaintzen du, eta, era berean, familia gatazka handiak ditu. Bere memoriak argitaratutakoan, Lumir alabak harengana joko du, senar estatubatuarrak lagunduta. Amaren eta alabaren arteko harremana ez da inoiz samurra izan, eta oraingo honetan ere bien arteko gatazkak eta liskarrak berpiztuko dira.

Frantzian lehen filma egin aurretik, filmografia zabal eta sendo baten jabe zen Hirokazu Kore-eda. 1995eko Marobosi-rekin egin zen ezagun, film horrekin Veneziako zinemaldian parte hartzeko aukera izan baitzuen. Nolanahi ere, hiru urte geroago egin zuen Wandafuru Raifu film fantastikoak eman zion nazioarteko mailako bultzada. Film horri esker, harreman estua hasi zuen Donostiako zinemaldiarekin, egun arte mantentzen dena.

Hortik aurrera, asko eta askotarikoak izan dira Kore-edak egindako film aipagarriak: Dare mo shiranai, Aruitemo, Aruitemo, Kiseki, Soshite chichi ni naru, Umimachi Diary... Horiek guztiek Kore-eda Japoniako egungo zuzendaririk inportanteenetariko bat bihurtu dute.

'LA VéRITé'

Zuzendaria.Hirokazu Kore-eda.

Aktoreak. Catherine Deneuve, Juliette Binoche, Ethan Hawke, Ludivine Sagnier.

Herrialdea. Frantzia.

Urtea. 2019. Generoa. Drama.

Iraupena. 106 minutu.

Asteazkenean estreinatuko dute Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.