Datorren asteko estreinaldiak

Lehen Mundu Gerrako lubakietan lokaztuta

Urrezko Globoa irabazi ostean, ikusmin handia sortu du Sam Mendes zuzendariaren '1917' film belikoak

Zuzendariak plano sekuentzia bakarrean egin du filma, hala, lubakietan murgildu nahi ditu ikusleak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Aitatxik egin zizkion kontakizunen bitartez jabetu zen Sam Mendes zuzendaria gerraren benetako neurriaz. Nolanahi ere, 1917 filmean ez da haren esperientzian oinarritu; oro har, gerra sufritu duten gizon-emakumeei egin nahi izan dien omenaldi artistikoa da.

Bi soldadu gazteren gorabeheren gainean dago eraikia istorioa: Schofieldek eta Blakek ezinezkoa dirudien misio baterako agindua jasoko dute: etsaien eremua zeharkatu beharko dute, eta beste aldean dauden haien armadako kideei mezu garrantzitsu bat eraman. Onik ateraz gero, 1.600 soldaduk bizia salbatzeko aukera izanen lukete.

Berez, filmak kontatzen duena ez da sobera originala, gisako istorioak hamaika aldiz ikusiak baitira han eta hemengo gerra filmetan. Berritzailea da, ordea, istorioa kontatzeko orduan Sam Mendesek erabili duen moldea, 1917 plano sekuentzia bakar batean kontatuta baitago. Modu horretan, zuzendariak lortu nahi izan du ikusleak lubakietako lokatzetan murgilaraztea.

Dena den, erakustaldi tekniko hori itxurazkoa da, filmeko lantalde teknikoak ez baitzuen egiazki egin plano bakarra. Modu ikusezinean lotuta dauden hainbat txatalez filmatuta dago 1917. Edonola ere, ikusgarria omen da Mendesek lortu duen azken emaitza.

Horiek horrela, estreinatu aurretik ikusmin handia eragin du filmak. Ikusmin hori areagotu egin da azken egunotan, 1917-k bi Urrezko Globo garrantzitsu irabazi ostean: drama film eta zuzendari onenarenak. Hiru izendapen besterik ez zuen Mendesen lanak, eta, askoren ustekaberako, bi sari handi horiek eskuratu zituen.

Sariak eta kalitatea

Nolanahi ere, zineman hasi zenetik harreman estua izan du Sam Mendesek sariekin. Antzerkian eta telebistan lanean izan ondoren, 1999. urtean egin zuen pantaila handirako estreinako filma: American Beauty. Urteko filmik garrantzitsuenetakoa bihurtu zen, eta Oscar sarietako irabazle nagusia. Izan ere, bost Oscar irabazi zituen, horien artean film eta zuzendari onenarenak.

Hortik aurrera, kalitate eta arrakastaren sinonimo izan da Sam Mendesen izena. 2002an Road to Perdition gogoangarria egin zuen, Tom Hanks, Paul Newman eta Jude Lawrekin. Oscarretarako sei izendapen jaso, eta fotografiarena bakarrik eskuratu zuen, baina genero beltz garaikidearen maisulanen artean sartu zen 1930eko hamarkadan girotutako istorio hori.

2005eko Jarhead-ekin, genero belikoan murgildu zen zinemagilea, orduko hartan Irakekoa izan zuen hizpide; 2008koa da Revolutionary Road drama hunkigarria.

2012an, berriz, James Bond frankizia beteranoaren gidaritza hartu zuen Mendesek, eta haren eskutik Skyfall bikaina ailegatu zen. Hiru urte geroago errepikatu zuen agente britainiarrarekin, baina Spectre ez zen ailegatu aurrekoaren mailara.

'1917'

Zuzendaria. Sam Mendes.

Aktoreak. George MacKay, Dena-Charles Chapman, Richard Madden, Benedict Cumberbatch.

Herrialdea. Britainia Handia.

Urtea. 2019. Generoa. Drama.

Iraupena. 119 minutu.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.