Datorren asteko estreinaldiak

Harreman bat, zalantzaz betea

Lehen film luzea aurkeztu du David Perez Sañudo zinemagileak, 'Ane'. Harrera ona izan du Donostiako Zinemaldian. Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian

David Perez Sañudo zinemagilearen lehen lan luzea da, eta Irizar saria jaso berri du Donostiako Zinemaldiaren 68. aldian. ANE.
Nagore Arin.
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Sari bat irabazi berritan estreinatuko dute Ane filma Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, Irizar saria jaso baitu Donostiako Zinemaldian. Harrera ona izan du kritikarien eta zinemaren munduan lan egiten duen jendearen artean. Eta, orain, herritar guztiengana egingo du salto: zinema aretoetara, alegia.

Lideren alaba da Ane, eta haien harremanaren nondik norakoak biltzen ditu istorioak. Premisa bat du abiapuntu: benetan ezagutzen duzu zure alaba? Galdera horren inguruan girotuta dago filma, eta, era horretan, Ane alabaren egia ezkutuak aurkituz joango da Lide filmean.

Premisa horri, baina, beste bat erantsi behar zaio, kaleetan eta gizartean protesta asko eragiten dituen proiektu batean lan egiten egiten baitu Lidek: segurtasun-zaintzailea da abiadura handiko trenaren obretan. Hala, lanetik festara eta festatik etxera doan egun batean, alaba ez dagoela ohartuko da Lide: bi lagunentzat gosaria prestatu du, baina Ane ez dago. Hurrengo egunera arte itxaron, eta alaba ez da agertu... Aneren gauzen artean bilatuz, lagunekin hitz eginez... ohartuko da ez duela benetan bere alaba ezagutzen.

'Alardea' estreinatu berri

Patricia Lopez izan da Lideren pertsonaia pantailaratu duena: 2010ean parte hartu zuen lehen film luze batean, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinemagileen 80 egunean ekoizpenean, hain zuzen. Geroztik, dozenaka lan egin ditu: Ane da horietako bat. Aneren pertsonaia, bestalde, Jone Laspiur aktoreak interpretatzen du. Arte Ederrak ikasi zituen, eta mundu horretan eman ditu lehen pausoak. Era berean, bidea egiten ari da fikzioaren munduan ere: Akelarre filmean ere agertzen da. Horiez gain, aktore ezagun askoere agertzen dira filmean: esate baterako, Mikel Losada, aitaren azalean.

Ane ekoizpena ez da David Perez zuzendariak azken denboraldian egin duen lan bakarra; bai, ordea, bere lehen film luzea, zuzendari, gidoilari eta ekoizle gisa. Alardea da duela gutxi ekoitzi duen beste bat. Telesaila da, eta asteazkenean estreinatu zen ETB1en. Lau atal ditu, eta nahiz eta fikziozko lan bat izan, hausnarketarako balia daitekeela uste du zinemagileak. BERRIAn eginiko elkarrizketa batean azaldu zuenez, ez da ez Irun ez Hondarribia istorioaren gertaleku, fikziozko bat baizik. Hala ere, erreferentzia egin zion gaiari berari: «Argi dago gaia konplexua dela, eta helburua errespetuz jokatzea izan da».

Horiez gain, hamar film labur baino gehiago zuzendu ditu orain arte, eta 400 zinema jaialditan baino gehiagotan egon dira. Sari eta izendapen ugari ere jaso ditu lan horiekin. Ondorengoak dira saritutako zenbait lan: Indirizzo (2011), Malas vibraciones (2014), Artificial (2015) eta Tiempos muertos (2017). Urte horretan ere egin zuen beste lan bat, Aprieta pero raramente ahoga (2017), etaDonostiako Zinemaldian erakutsi zuen, Kimuak sailean.

'ANE'
Zuzendaria. David Perez Sañudo.
Aktoreak. Patricia Lopez Arnaiz, Mikel Losada, Jone Laspiur, Aia Kruse, Luis Callejo, NagoreAranburu, Gorka Ag inagalde, Fernando Albizu, David Blanka, Iñaki Ardanaz, Miren Gaztañaga, Lander Otaola, Karmele Larrinaga, Ane Pikaza, Amaia Lizarralde, Eric Probanza.
Herrialdea. Euskal Herria.
Urtea. 2020.
Iraupena. 100 minutu.
Generoa. Drama.
Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.