Datorren asteko estreinaldiak

Haurtzaroaren denboratasuna

Celine Sciammak bi neskatoren arteko harremana du ardatz 'Petite maman' bosgarren filmean. Amets giroa, iraupen laburra eta soiltasuna erabili ditu hari narratiboa ehuntzeko

Petite maman filmeko bi haur protagonistak. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Arreta eta arrakasta, bi-biak lortu zituen Celine Sciammak Portrait de la jeune fille en feu (2019) bere aurreko lanarekin. Hainbeste, ezen Frantziako zinemaren ahotsik berezienetakoa eta erreferente nabarmena bilakatu den orduz geroztik, are, film hura estreinatu zen urte berean Agnes Varda zendu zela kontuan hartuta.

Erregistroa, tonua eta neurria guztiz aldatu ditu Petite maman film berrian, baina hari lauso batek lotzen ditu: bi emakume gazte eta elkarren harremana ziren ardatz aurrekoan; bi neskatoren artekoa du muina oraingoan, bere ibilbideko bosgarren filmean.

XVIII. mendeko amaieran kokaturiko drama sentimental apasionatu eta suzkoa zen hura, bi ordu inguru irauten zuena; ordu eta laurdenera iristen ez den istorio txiki, sotil, leun eta amets girokoa, berriz, hegoaldean estreinatzear dena (Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean eman zuten).

Zortzi urteko neskatoa da Nelly (Josephine Sanz), amona galdu berria du; bere ama umetan jolasten zen leku berean maxixatzen dabilela, hainbatetan entzundako zuhaitz etxea deskubrituko du. Ez hura bakarrik, baso ingurune horretan ezagutuko baitu bere adintsuko beste neskato bat ere, eta bien artean zuhaitz etxe bat eraikitzen saiatuko dira.

Sciammak konfinamendu garaian idatzi zuen filmaren gidoia, Parisen eta udazkenean, bere haurtzaroa igaro zen espazioetatik oso gertu: «Agian horregatik dauka amets giro hori; filma muntatu nuenean, nire editoreak ohartarazi zidan Nellyk ez duela lorik apenas egiten, eta etzanda dagoenean ere begiak zabalik dituela beti. Ez nuen hori trikimailu modura egin, baina ikusleak plantea dezake ikusten ari den guztia ez ote den protagonistaren amets bat. Film onirikoa da, mamuen ingurukoa, denboran bidaia egiten duena? Ez du inporta, eta generoa zehaztu beharrik ere ez dut sentitzen», adierazi du Sciammak berriki emandako elkarrizketa batean.

Haurtzaroa, adin batetik besterako trantsitua, eta haur horien denboratasuna lantzen ditu, besteak beste, Sciammak, ondo desberdina izaten baita haurrak duen denboraren pertzepzioa helduenarekin alderatuz: «Iragana eta oraina desagerrarazi nahi nituen Petite maman-en, belaunaldien arteko harremanetan sakondu; horien denboratasuna erabat dago ainguratua orainaldian, eta hori gauza ederra da bai bizitzarako eta bai zinemarako. Haurren denboratasun horren poetika harrapatu nahi nuen».

Pertsonaienganako txera

Haurren ekintzetatik jariatzen den unean uneko poetika bizigarri horrek sarri helduen mundua ulertzeko erarekin egiten du talka, eta kontraste horretan topatu du Sciammak filmaren hari narratibo poetikoa ehuntzeko oinarria. Horretan eta pertsonaiengana hurbiltzeko modu arduratsu eta errespetuzkoan. Hala egin zuen Water Lillies (2007) estreinakoan, Tomboy (2011) bigarrengoan, bai eta Girlhood (2014) hirugarrengoan ere, zeinetan elkarri babesa ematen dioten neska kuadrilla baten istorioa kontatu zuen.

'PETITE MAMAN'
Zuzendaria. Celine Sciamma.
Aktoreak. Nina Meurisse, Stephane Varupenne, Margot Abascal, Josephine Sanz, Gabrielle Sanz.
Herrialdea. Frantzia.
Urtea. 2021.
Iraupena. 72 minutu.
Generoa. Drama.
Estreinaldia. Urriaren 27an estreinatuko da Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.