Datorren asteko estreinaldiak

Sorrentino errealena, soilena

Unibertso felliniarra pixka bat alboratu, eta bere bizitzarekin loturiko film bat ondu du zuzendari italiarrak: 'È stata la mano di Dio'. Haren lanik «egiazkoena» da, kritikarien ustez

Filippo Scotti aktoreak egiten du È stata la mano di Dio filmeko pertsonaia nagusiarena. GIANNI FIORITO.
gorka erostarbe leunda
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Paolo Sorrentino zinemagile italiarrak errealitatean topatzen du istorioak eraikitzeko lehengaia, baina, era berean, errealitateari itzuri egin izan dio, amets giroa, fabulazioa eta estetizismo hanpatu bat bilatuz; Felliniren kordari segituz, eta disimulurik gabe hura aitortuz. È stata la mano di Diofilm berrian, zera entzun liteke: «Errealitatea izutzekoa da». Paradoxikoki, Veneziako zinema jaialdian aurkeztu zuen filmean inoiz baino estuago eta gordinago heldu dio errealitateari, bere biografia puska baten errealitateari, gainera.

Urte batzuk igaro dira Sorrentinok Erromaren eta goi klaseko hainbat pertsonaia bitxiren erretratu dekadentea egin zuenetik La grande belleza (2013) laudatu eder hartan. La giovinezza (2015) kritikatuagoan zahartzaroaz, gaztetasunaz eta denboraren iragateaz jardun zuen lengoaia estetiko arranditsuz, eta Silvio Berlusconiren erretratu emozional kritiko, anbiguo eta iradokitzailea egin zuen Loro (2018) hurrengoan.

Bere errealitatera jaitsi du begirada È stata la mano di Dio filmean, ordea, haurtzaroko kaleetara: biluztu egin da Sorrentino, eta bere istorioa kontatu du, nahiz eta protagonistari beste izen bat jarri dion. Gurasoak galduko dituen mutiko nerabea da filmeko protagonista, zeinak salbabidea topatuko duen Maradona futbolari famatuaren partida bat ikustera joan ondotik. Hortik filmaren izenburua, Dio (Jainkoa) deitzen baitzioten Maradonari Napolin eta Italia osoan. Umezurtz geratzearen tragediarekin bat, mutil horrek deskubrituko du istorioak kontatu nahi dituela, molde batez edo bestez, baina bere begiradak gidaturik.

Estetika eta hunkidura

Paradoxikoa gerta liteke, baina bere istorio pertsonalena kontatzeko inoiz baino lengoaia estetiko soil eta biluziagoa darabil Sorrentinok. Ariketa estetiko bisualak murriztu eta neurtu egin ditu, eta neurritasun horrek indar handiagoa ematen die sekuentziarik hunkigarrienei. Film berrian unerik gorenak pertsonaiek beraiek bizi eta azaldutakotik iragazten ditu egileak, eta ez horrenbeste estetizismo hutsetik. Gogoan hartzekoak dira, adibidez, gurasoak oroitzen dituenekoak; arrebarekin batera igarotzen dituen tarteak, eta Maradonak Mexikon, Munduko Futbol Kopan, Ingalaterrari sartutako golak sortzen dizkionak —partida hura Argentina eta Italia osoan bizi izan zuten Malvinetako gerraren mendeku txiki baten modura—. Dolua bizi duen pertsonaia bat da, dolu txikiak bata bestearen atzetik kateatzen dituen gaztetxoa, eta hori transmititzen du filmak.

Sorrentinok Napoli bere jaioterriari egiten dion omenaldi bat ere bada pelikula. Kontrastez beteriko hiria da; hartan, jende xume alaia eta mafia uztartzen dira, baita pobrezia eta komunitatearen poza ere. Argentinako eta Napoliko futbol taldeen banderez josia oroitzen du egileak haurtzaroko Napoli, eta hala erretratatzen du filmean.

Veneziako zinema jaialdian aurkeztu zuten filma; kritikari gehienentzat, Sorrentinoren filmik onena ez bada, gutxi falta zaio hala izateko, eta haren lanik «benetakoena» da gehienen iritzian.

'È STATA LA MANO DI DIO'
Zuzendaria: Paolo Sorrentino.
Aktoreak: Filippo Scotti, Toni Servillo, Luisa Ranieri, Teresa Saponangelo.
Herrialdea: Italia.
Urtea: 2021.
Iraupena. 130 min.
Generoa. Drama.
Estreinaldia. Abenduaren 3an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.