Datorren asteko estreinaldiak

Historia, traizioa, konpromisoa

Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, Japoniaren eta maitasun harremanen puntu ilunak azaleratzen ditu Kiyoshi Kurosawak 'Spy no tsuma'-n, thrillerra eta drama uztartuz

Japoniaren historia eta maitasunaren argi-ilunak dira Kiyoshi Kurosawaren Spy no tsuma filmaren ardatz narratiboak. BERRIA.
Gorka Erostarbe Leunda.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Japonia, 1940. Bigarren Mundu Gerra lehertu aurreko gauean, Yusaku Fukuhara herrixka bateko komertzianteak emaztea etxean utzi eta Mantxuriara bidaiatuko du ilobarekin. Han, kasualitatez, gertakari lazgarri baten testigu izango da, eta munduari nola edo hala jakinarazteko neurriak hartuko ditu. Gaizki-ulertu moduko bat izango du emaztearekin hasieran, baina azkenean senarrari babes erabatekoa ematea deliberatuko du hark. Tartean, beste kontu eta geruza asko.

Estilo klasikoko estetika eta lengoaia darabiltza Kiyoshi Kurosawak Spy No Tsuma (Wife of A Spy) filmean; 1940ko hamarkada belikoan kokaturik dago, eta orduan Japonian gertaturiko zenbait triskantzaren erretratua egiten du, Alemania eta Italiarekin batera osatzen zuen faxismoaren ardatz hirukoan oinarrituta. Testuinguru politiko eta historiko horrek traizioaren, konpromisoaren, maitasunaren, erotasunaren eta zinemaren inguruko istorioa ehuntzeko osagaiak ematen dizkio Kurosawari; hark estilismo finez eta eduki gordinez ondu du lana.

Bikote dotorea (Yu Aoik eta Issei Takahashik antzezturik) Kobe herrian bizi da, modu erosoan eta pozik. Harmonia hori, etxe txukun eta kolore hautaketa orekatu batek sinbolizaturik, puskatu egingo da une jakin batean. Itxuraz perfektua zirudien horren azpian gertaera lazgarriak egongo dira, bi maitaleen arteko harremana eta konfiantza zalantzan jarriko dituztenak: bada film historikoa, bada thrillerra, espioi jolasetik edaten duena, drama eta erromantizismoa uztartzen dituena. Guztia egiten du Kurosawak lengoaia soil eta iradokitzailez.

Filmaren izenburuak erreferentzia egiten dion emakumearen begiradan jartzen du narrazioaren fokua filmak. Emakumea maitemindua dago, eta argi eta ernetzat erretratatzen du une batzuetan, berekoi eta itsutzat besteetan. Emakumearen bitartez Japoniaren beraren auziak, gertakariak eta erroreak sinbolizatzen ditu Kurosawak; hala argitu dute kritikari batek baino gehiagok.

Zinema bidelagun

Kiyoshi Kurosawa bereziki ezaguna izan da bere beldurrezko eta thriller filmengatik, zeinak sarri aurkeztu izan dituen Sitgesko (Herrialde Katalanak) zinema jaialdian; Cure (1997)eta Kairo (2001), adibidez. Baina bestelako generoak ere landu izan ditu, eta ez iaiotasun eta arrakasta txikiagoz: Akarui mirai (2003, Bright Future) drama abstraktua eta Tokyo Sonata (2008) melodrama familiarra, esaterako; Spy no tsuma filmean, thrillerraren eta maitasun dramaren arteko kontaketa soil, sotil eta neurritsua egin du,eta gehiegizko estridentziarik zein larderiarik gabe bere herrialdearen eta maitasunaren alderik gordin ilunenak azaldu ditu. Ez hori bakarrik: zinemari egindako keinuak ere baditu filmak, fikzio moduko bat filmatzen baitu bikoteak, euren etxeko gonbidatuak entretenitzeko ez ezik, baita tramak ezkutatzen duen sekretuaren babesleku modura ere: alegia, bere garaian propaganda faxistak hain ondo erabili eta ustiatu zuen zinema erresistentziaren eta egiaren hedabide bilakatzen da film honetan.

'SPY NO TSUMA'
Zuzendaria: Kiyoshi Kurosawa.
Aktoreak: Yu Aoi, Issei Takahashi, Ryota Bando, Chuck Johnson, Yuri Tsunematsu.
Herrialdea: Japonia.
Urtea: 2021.
Iraupena: 96 min.
Generoa: Drama familiarra.
Estreinaldia: Abenduaren 8an estreinatuko da Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.