Datorren asteko estreinaldiak

Moralaren ertzetan zabuka

Espetxe zigorretik libratzeko egin beharrekoekin duda etikoak dituen pertsonaia bat da Asghar Farhadiren 'A Heroe' filmeko protagonista; Irango gaur egungo errealitatea du hondoko paisaia

A Hero filmeko protagonista, semeari eskutik helduta doala.
gorka erostarbe leunda
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Ez du lehen aldia; moralaren inguruko ezbaietatik harilkaturiko obra bat ondu du Asghar Farhadik A Heroe film berrian. Rahim gizon protagonistaren prozesua etenik gabeko barne gatazka batek bideratuko du. Erabakiak hartuz joan beharko du, aldian-aldian, espetxetik irtetean izango duen bizitzan ezinbestean eragingo dioten erabakiak.

Shiraz hiria; Iran. Rahimek (Amir Jadidi) espetxe zigorra du, baina abal emaile batekin duen zorra kitatu eta hartara espetxeari izkin egiteko aukera izango du. Askatasunarekin batera, semearekin eta bikotekidearekin topo egiteko modua izango luke, galdutako sinesgarritasuna berreskuratuz gainera.

Zorra kitatzeko lasterketa horretan, familiaren babes erabatekoa izango du Rahimek, baita bidean ezustean azalduko zaizkion lagun eta aliatu berrienak ere. Helburua lortzeko egin beharreko ekintzen eta hartu beharreko erabakien ondorioak bere egin eta onartu beharko ditu protagonistak, eta horrek ezinegon eta eztabaida moral handiak sortuko dizkio; hainbeste, ezen auzitan ere jarriko baitu bere ekintzak egokiak ote diren.

Hartzen dituen erabakiek oihartzun sakona dute Rahimek duen bizi ikuspegi onberarekin eta moralitatearekin. Bere izaera ondradu horrek arazoak ekarriko dizkio, baita bere ingurukoekin ere, haien eskaera berekoietara makurtuko baita sarri.

Iran da presorik gehien exekutatzen duten herrialdeetan bigarrena munduan, Amnesty International erakundearen datuen arabera. Ordainketa arazoengatik espetxera zigortua denaren argudioak ezdeusa eman dezake halako errealitate gordin batean. A Heroe filmaren bertutea da, ordea, itxuraz soila den istorio baten inguruan tentsioz beteriko narrazio bat ontzea, eta gertakari segida batek nola jarriko duen etengabeko arriskuan eta dilema moraletan pertsonaia.

Rahimen inguruan sorturiko testuinguruak gaina hartzen dio, nahasmendua sortzen dio, eta amorruaren eta ezin-ulertuaren artean zabuka ibiliko da, bere moralitatearen atzaparrek harrapatuta. Irudi luke bere unibertso guztia, baita bere sinismenak ere, eraisten ari direla, bere helburutik aldenduz eta berriro abiaburura iritsiz: bukle batean sartuta dabilela filmeko heroia, alegia.

Baita gidoigile ere

Bai sona eman zion Jodaeiye Nader az Simin (A Separation) filmean (2011), baita ondorengo Le passé (2013) eta Forushande (2016) laudatuetan bezala, filma zuzentzeaz gain, gidoia ere Farhadik berak idatzitakoa da. Eta gidoi horri esker, hain zuzen ere, ikusleak protagonistarekin enpatizatzeko bidea izango du, bizitzen ari den egoera ezin kudeatuta dabilen pertsonaiaren larruan jarriko baita ia ezinbestean. Baina zuzendariak are gauza zailago bat ere lortzen du; modu sinesgarri eta ulerkorrean planteatzen baitu istorioko antagonistaren edo antiheroiaren ikuspegia ere, Rahim espetxera bideratzen duen abal emailearena, alegia, Mohsen Tanabandehek antzezturiko Bahramena.

Tragikomediatik abiatuta, dramarantz eta thrilerrerantz egiten duen film bat da A Heroe, Irango errealitatearen ertzei muzin egin gabe, gainera.

'A HERO'
Zuzendaria: Asghar Farhadi.
Aktoreak: Amir Jadidi, Abolfazl Ebrahimi, Mohsen Tanabandeh.
Herrialdea: Iran.
Urtea: 2021.
Iraupena. 127 min.
Generoa. Drama-thrillerra.
Estreinaldia. Abenduaren 15ean estreinatuko da Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.