Datorren asteko estreinaldiak

Berdina, baina beste bat

Jatorrizko partiturak, kantuak eta koreografiak errespetatuz ondu du Steven Spielbergek 'West Side Story' klasiko musikalaren egokitzapena, erritmoa eta plastizitatea gehituz

Koreografien sekuentziak erritmo biziz eta eszenografia koloretsuz filmatu ditu Steven Spielbergek West Side Story berrituan. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Lehen aldiz landu du genero musikala, baina, itxura guztien arabera, onik soilik ez, arranditsu atera da erronkatik Steven Spielberg zinema zuzendari beteranoa, West Side Story film klasikoaren remake-a ondu baitu, jatorrizkoaren esentziari eta musikaltasunari eutsiz, eta elementu bisualei eta soinuei erritmo ikaragarria emanez; urteetako eskarmentuaren ekarpena erantsiz.

Filmaren abiatzea bera, Jets eta Sharks kale tribuen arteko liskarra agertzen duena, erritmoz beterikoa da, eta filmatzen duen kamera koreografien eta pieza musikalen erritmora leunki dantzan ari dela ematen du; Spielbergek plastizitatea eta irudi jariotasuna eman dio filmari, adituek nabarmendu dutenez.

Ez zuen egiteko erraza Spielbergek, justu 60 urte igaro baitira jatorrizkoa estreinatu zenetik, eta musikalen historian film ikonikoa izan baita. Spielbergen egokitzapenak eutsi die jatorrizkoaren partiturei, kantuei eta koreografia musikatuei. Robert Wisek 1961ean eraman zuen zinemara lau urte lehenago, 1957an, Broadwayn estreinaturiko antzezlana. Jerome Robbins izan zen lehen obra haren zuzendaria eta koreografoa, eta sei Tony sari eskuratu zituen. William Shakespeareren Romeo eta Julieta obra ezagunean oinarriturik zegoen antzezlana, baina, Italiako Veronan kokaturik egon beharrean, New Yorkeko Upper West Siden kokatu zuen Arthur Laurentsek, libretoaren egileak. 1950eko hamarkadaren erdialdean kokatzen da istorioa, eta etnia desberdineko bi gazte talderen arteko lehia du kontaketaren ardatz: jet-ak (jatorri europarrekoak) eta shark-ak (jatorri puertorricarra dutenak). Dena zailtzen eta korapilatzen hasiko da Jets taldeko kide izandako Tony Mariarekin maitemintzen denean, Sharks taldekoen liderraren arrebarekin, hain zuzen ere.

Romeo eta Julieta-ren egokitzapena erabat librea izan zen; musika Leonard Bernsteinek konposatu zuen, eta hitzak, berriz, Stephen Sondheimek idatzi zituen. Gauzak zer diren, igaro berri den azaroaren 26an hil zen Sondheim, artean AEBetan filma estreinatzeke zegoela.

Arriskuak hartuz

Apenas egin dituen bi aste karteldegian Spielbergen ekoizpenak AEBetan, baina laudorioak trumilka etorri zaizkio. Ez dira gutxi, esaterako, Minority Report (2002) filmaz geroztik egin duen onena dela nabarmendu duten kritikariak. Hogei urte igaro dira geroztik, dagoeneko. Kritika gehienetan azaldutako kontua da formari eta erritmoari dagokionez arriskuak hartu dituela zinemagileak, forma berritzaileak eta erritmo jolas handiak txertatu dizkiola istorioari. Aktore protagonistek ere ez zuten lan erraza jatorrizkoan Natalie Wood eta Richard Beymer karismatikoek egindakoa berdintzeko, baina balekotik gorakoa jaso dute kritiketan Rachel Zeglerrek eta Ansel Elgortek.

Eskola zaharreko zinema musikalaren eta lengoaia modernoaren artean jostalari ibili da Spielberg, eta, urteko filmik onenetako bat dela esateaz bat —hasi dira Oscarren kinieletan sartzen—, haren ibilbideko onenetako bat dela azpimarratu du batek baino gehiagok.

'WEST SIDE STORY'
Zuzendaria: Steven Spielberg.
Aktoreak: Rachel Zegler, Ansel Elgort, David Alvarez, Ariana DeBose, Rita Moren.
Herrialdea: AEB. Urtea: 2021.
Iraupena. 156 min.
Generoa. Musikala.
Estreinaldia. Abenduaren 22an estreinatuko da Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.