Datorren asteko entreinaldiak

Arrantzale baten ur ihesak

Ogibide baten dekadentzia eta bizimolde baten arrakalak erretratatu ditu Alex Camilleri maltarrak 'Luzzu' estreinako lanean. «Istorio soil eta gizatiarra» ondu du, kritikaren aburuz

Jesmark eta bere txalupa, Alex Camilleri zinemagile maltarraren Luzzu filmean. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Itsasoa eta bizitza, sarri elkarri lotuta, sarri elkarren metafora. Baita zineman ere. Itsasontzi batean zulo bat agertzen denean, ura sartzen denean, nahikoa izaten al da bikeztatze lan bat egitea, aldi baterako konponketa egitea? Edo aldaketa sakonago baterako bidea eman dezake, metamorfosi baterako aukera zabalduz? Gai hori du ardatz nagusi Luzzu-k, Alex Camilleri zinemagile maltarraren estreinako lanak.

Iazko Sundanceko (AEB) zinema jaialdian aurkeztu zuen lana Camillerik, eta Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen. «Istorio soil eta ederra da Luzzu, ingurune eder eta bakan batek girotua. Tradizioaren uretatik edan eta modu enpatiko, errealista eta sotilean islatzen du bizitza», idatzi zuen Michael Frank kritikariak The Film Stage agerkarian, jaialdian aurkeztu eta berehala.

Badu tonu bare bat filmak, garai hiperteknologikooi halako ifrentzu bat ezartzen diena, itsasoak, eguzkiak, arrantza giroak eskaintzen duen halako lasaitasun giro bati esker, zeina, kritikari gehienen aburuz, zintzotasunez eta errealismoz erretratatua dagoen.

Istorio soil eta gizatiar bat. Arrantzale baten istorioa: gizon bat; desagertze arriskuan dagoen ogibide behinolako bat; diru arazoek erasandako familia xume bat. Eta ardatz problematiko horren uberan azalduz doazen beste gai arantzatsu batzuk: lekuko tradizioak mundu modernoaren bilakaeraren aldean; ustelkeria; klase sozialen zama; ispiluan, edo itsasoko uretan nork bere isla bilatzearen garrantzia... Analisi errealista eta dokumentatu bat egin du zinemagileak, aktoreez-profesionalen lan hezur-haragizkoaren laguntzaz. Gidoi landu bati esker, dokumentalerako egoki zatekeen materiala, fikziozko lan sendo eta egiazkoa bihurtu du, iraganaren eta etorkizunaren artean zabuka eta borrokan dabilen pertsonaia baten larruazalean sartuta.

Jesmark Scicluna aktoreak gorpuzten du pertsonaia, eta, hain zuzen ere, Jesmark izena izango du fikziozko istorioan ere. Hark egindako lana goraipatu dute kritika guztiek. Ta' Palma da Jesmarken ontziak duen izena. Egurrezko txalupa ertain bat da, luzzu bat, Maltako ontzi tradizionala, alegia. Zerikusi txikia du inolako luxurekin. Baina horrexek ematen dio izenburua pelikulari.

Ogibidea maitea, kinkan

Luzzuek kolore biziak izaten dituzte: horia, gorria, berdea, urdina, eta branka begi feniziarra izaten dute margoturik, itsasoaren arriskuetatik babesteko. Jesmarkek biziki maite du bere ogibidea, etxetik jasoa, eta maite du arrantzale komunitate txikia. Komunitate horretako kidea du bere lagun min David ere, David Sciclunak antzeztua. Baina ogibidea kinka larrian da: arrainak urritzen ari dira arrasteontzi handiek saldoka arrantzatzen baitituzte. Ondorioz, arrantzarako murrizketak ere ugaritu egin dira, eta, gainera, Jesmarken luzzuak zuloa dauka: ura sartzen zaio. Zuloa txalupan; zuloa bizitzan.

Arrantzalearen unibertsoa, fisikoa eta emozionala, ñabardurekin eta errealismoarekin arrantzatzen du Luzzu-k, eta joan badoan mundu baten erretratu xume eta gordina egiten du.

'LUZZU'
Zuzendaria: Alex Camilleri.
Aktoreak: Jesmark Scicluna,Michela Farrugia, David Scicluna Giusti, Frida Cauchi...
Herrialdea: Malta. Urtea: 2021. Iraupena: 94 min. Generoa: Drama-komedia
Estreinaldia: martxoaren 18an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.