Datorren asteko estreinaldiak

Galdera garaikideak, minetan

AEBetako gazte hiltzaile baten eta biktimetako baten gurasoen arteko enkontrua dakar Franz Kanzen 'Mass' estreinako lanak, antzerkiaren logikatik gertuko moldean

Franz Kanz estatubatuarraren estreinaldia da Mass filma; lau gurasoen arteko solasaldi ezeroso, minbera du ardatza. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Formatua ez da ezezaguna, baina ez da ohikoena ere. Zinema izanik ere, antzerkiaren eszenaratzetik hurbil dagoen filma da Mass (meza), Franz Kanz estatubatuarraren estreinako lana. Oraintsu estreinatu du Joel Coenek Macbeth obraren bertsio propioa. Edonola ere, antzerki lan batean oinarrituriko lana da hura. Ez da Mass-en kasua, nahiz eta kontatzen duen istorioak eta kontatzeko duen moldeak erabat egiten duten antzerkira moldatzeko egokia, guztiz baita teatralizaturiko lana, Roman Polasnkiren Carnage (2011) eta La vénus a la fourrure (Venus in Fur, 2013), edota Alexandre de La Patellière eta Mathieu Delaporteren Le Prénom (2012) filmen tankeratsuko moldean.

Antzerkiaren logikaren barruko lengoaia darabil Mass-ek ere: eliza batean gertatzen da film guztia, baina, izenburuak besterik iradoki dezakeen arren, ez da meza baten kontaketa. Erlijioaren gaiak izango du agerpenik, baina gehiago modu metaforikoan, barkamenaren eta errukiaren inguruko gogoetetan, eta ez horrenbeste modu literalean. Enkontru deseroso baten espazio neutral modura jokatuko du eliza horrek.

Pixkanaka joango da istorioa harilkatuz: pixkanaka joango da ikuslea informazioa jasoz, enkontru horretara doazen lau pertsonak zein diren jakinez: batetik, eskola batean egindako atentatu batean izandako biktimaren gurasoak dira Gail eta Jay (Martha Plimpton eta Jason Isaacs); gauza arinez hizketan hasiko dira, baina, pixkanaka, barrenean duten min sakon eta konponezina azaleratuz joango da; biktimarioaren gurasoak dira, aldiz, Richard eta Linda (Reed Birney eta Ann Dowd); haien egoera ere ez da batere gozoa: ondo dakite euren semeak hainbat familiatan sorrarazi duen samin sakona, baina era berean, euren bizitza sufrikario huts bilakatu da.

Lau pertsonaien arteko solasaldia bihurtuko da geroz eta ezerosoagoa, oldarkorragoa, minberagoa; kontaketak denbora errealean egina dagoela dirudi, eta, minutuek aurrera egin ahala, gertaeraren ñabardurak eta zehaztapenak azaleratuko dira. Eta, horiekin batera, hainbat galdera, kezka eta eztabaidagai: armen erabilera, buru osasuna, bideo jokoak eta errealitatea, nerabe eta gaztetxo garaikideen balizko alienazioa, eta abar eta abar: gaur-gaurko gaiak dira guztiak.

Erantzun errazik gabe

Gailek eta Jayk jakin nahiko dute nolatan iritsi zen Richard eta Lindaren semea halako zerbait egitera —aita profesional seriotzat erretratatzen du istorioak, eta amak emakume adeitsu eta sentibera dirudi—. Gurasoen erretratu hori ez da ausazkoa, biktimaren gurasoen obsesioa izango baita jakitea zer egin zezaketen beste gurasoek euren semeak halako erailketa bat egin ez zezan, eta zer den egin ez zutena. Zergatik ez zuten lehenago beste erabakiren bat hartu eta beste era batera jokatu?

Biktimaren nortasuna eta ezaugarriak ez ditu asko zehazten filmak, modu lausoan eta orokorrean azaltzen ditu, ez baita zuzendariaren asmoa hiltzailearen eta biktimen arteko balizko loturaren bat agertzea, baizik eta AEBetan sarriegi gertatzen den bortxa molde bat erretratatzea eta erantzun errazik gabeko galdera konplexuak egitea. Lau aktoreen lana eta filmaren sendotasuna loriatu ditu kritikak.

'MASS'
Zuzendaria: Franz Kanz. Aktoreak: Jason Isaacs, Martha Plimpton, Ann Dowd, Reed Birney. Herrialdea. AEBak. Urtea. 2021. Iraupena. 110 min. Generoa. Drama.Estreinaldia. Apirilaren 1ean estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.