Datorren asteko estreinaldiak

Dinosauroak gosez, berriz ere

Efektu berezi garestiak eta aktore entzutetsuak biltzen ditu 'Jurassic World: Dominion' filmak. 1993an Steven Spielbergek dinosauroak berpiztu zituenetik, sailak dirua egin du

Jurassic Park filma estreinatu zenetik pantaila handira iritsi den seigarren zatia da Jurassic World: Dominion. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Begi bistan da uda, eta sasoi horretan estreinatu ohi dituzteAEBetako estudio handiek hainbat ekoizpen garesti eta komertzial —Eguberrietarako gordetzen dituzte besteak—. Antzeman daiteke udan zinema karteldegian luze samar mantenduko den zinta hauxe izango dela: Jurassic World: Dominion. Dinousaroen gorabeherekin gozatzen dutenek pantaila handian disfrutatu ahalko dute lan berri horrekin.

Duela lau urte estreinatu zuten dinosauroen saileko azkeneko ekoizpena, Jurassic World: Fallen Kingdom. Aurreko istorio hartan, Nublar uhartea suntsitu egin zen. Jurassic World: Dominion-en, berriz, dinosauroak mundu osotik zabaldu dira, eta han-hemenka dabiltza, ehizan. Gizaki batzuk, berriz, dinosauroak ehizatzeko ahaleginetan dabiltza. Eta gizakiak ere badira nahiko arrisku naturarentzat. Owen Grady dinousaroetan adituak, bestalde, laguntzaile bizkorrak izango ditu animalia arriskutsu horiei aurre egiteko ahaleginetan; abentura horietan, Claire Dearingen laguntza izango du. Aurreko bi zatietan bezala, Bryce Dallas Howardek jokatuko du Dearingen rola.

Zinema munduan izena egin duten beste izar batzuk ere azaltzen dira pelikulan: Steven Spielbergen lehen zatietan agertu ziren Jeff Goldblum, Laura Dern eta Sam Neill; eta, bestalde, Omar Sy, Campbell Scott, Justice Smith eta Daniella Pineda. Chris Pratt ahaztu gabe —Guardians of the Galaxy saileko protagonista—. Dinosauroen aurreko bi zatietan ere protagonista zen Pratt.

Spielbergek hasi zuen saila

Gizaki artean izua eragiten dabiltzan dinosauroen gorabeherak ez dira gaurko kontuak. Zinemaren historian agertu dira behin baino gehiagotan, eta aro modernoan 1993ko Jurassic Park filma da aitzindaria: Steven Spielberg zinemagileak Michael Crichton idazlearen izen bereko liburua eraman zuen ikus-entzunezkoetara —ekoizle eragilen artean zen Spielberg bera—. Eta komertzialki arrakastatsua izan zen pelikula. Ezin zuten Universal estudiokoek diru gehiago egiteko aukera bazterrean utzi, eta hurrengo urteetan iritsi ziren The Lost World: Jurassic Park (1997) —Spielbergek jarraitu zuen zuzendari— eta Jurassic Park III (2001). Hirugarren hura ez zuen Spielbergek zuzendu, hala moduzko kritikak jaso zituen, eta arrakasta ekonomikoa aurreko biak baino eskasagoa izan zen.

Hamarkada batez lozorroan gelditu ziren dinosauroak. Baina 2015ean sail berria iritsi zen: Spielbergen Amblin Entertainment konpainiak eta Legendary Pictures ekoiztetxeak ekin zioten dinosauroen inguruko sail berriari. Jurassic World filmak oso ondo funtzionatu zuen munduko herrialde askotan, eta ordura arte inoiz diru gehien egin duten filmetan zazpigarrena bihurtu zen. Argi zegoen dinosauroen berpizteak jarraipena izango zuela hurrengo urteetan. J.A. Bayonak zuzendu zuen Jurassic World: Fallen Kingdom, 2018an. Urte horretan aretoetan diru gehien egin zuten ekoizpenetan hirugarrena izan zen.

Horrenbestez, Jurassic World: Dominion Spielbergek hasitako sailaren seigarren zatia litzateke, edota bigarren saileko hirugarren zinta. Ziur aski, ez azkena.

'JURASSIC WORLD: DOMINION'
Zuzendaria. Colin Trevorrow.
Aktoreak. Chris Pratt, Laura Dern, Jeff Goldblum, Sam Neill, Bryce Dallas Howard, Omar Sy, Campbell Scott, Mamoudou Athie.
Generoa. Fantasia-abenturak.
Iraupena. 146 minutu.
Herrialdea. AEB.
Estreinaldia. Ostegunean estreinatuko dute Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.