Maskulinitatearen zama

Identitateaz, maskulinitateaz, laguntasunaz eta doluaz hausnartu du Lukas Dhont zinemagileak 'Close' filmean. Bi mutil neraberen arteko harremana kontatzen du

Gustav de Waele eta Eden Dambrine aktoreak, Close filmean. CLOSE.
Uxue Arzelus Lasa.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Niobe Way psikologo estatubatuarrak Deep Secrets liburuan ehun bat mutili egin zien jarraipena, 13 urte zituztenetik 18 urte bete arte. Mutilen arteko laguntasuna aztertu nahi zuen, eta nola urteek aurrera egin ahala aldatzen ziren haien arteko harremanak. 13 urte zituztenean, haur haientzat haien lagunak ziren garrantzitsuena; sekretuak partekatu zitzaketen eta konfiantza osoa zuten elkarrengan. Elkarrizketatutako haurrak ez ziren beldur haien sentimenduak adierazteko: lagunak maite zituzten eta hala aitortzen zuten. 15 urterekin elkartu zen Way berriro ere gazteekin, eta aurkitu zuena oso bestelakoa izan zen: mutilek elkarrekiko zuten intimitate hori desagertu egin zen. Independente eta autonomoak zirela azaldu nahi zuten, inoren beharrik ez zutela, laguntasunaren kontu hori gizon bilakatzearekin galdu izan balitz bezala.

Lukas Dhontentzat, irakurketa hori izan zen Close filma sortzeko pizgarri. Zuzendari belgikarrak bere nerabezaroko esperientziak gai unibertsal bilakatzen ikusi zituen, eta atzean zegoenari buruz hausnartu nahi zuen. Horrela idatzi zuen, Angelo Tijssensen laguntzaz, Leo eta Remiren istorioa.

Leo eta Remi 13 urteko mutikoak dira, bereizezinak. Betidanik izan dira lagunak, eta dena egiten dute elkarrekin. Intentsitate handiz bizi dute laguntasuna. Baina horren sendoa dirudien harremana kolokan jarriko da haurrak nerabezarora heldu ahala, ingurukoen begiradek ezartzen duten presioa dela eta. Izan ere, bi mutilen arteko maitasunak zalantzak sortuko ditu haien sexualitatearen inguruan, eta haurtzarotik heldutasunerako bide horretan gazteek kudeatu ezingo duten egoera biziko dute.

Zinemagile belgikarrak mutil nerabeen arteko intimitatea du aztergai, eta nola maskulinitateak ezarritako rolen pisuak laguntasunik indartsuena ere hautsi dezakeen. Haien identitatea eraikitzen ari diren garaian kanpo begirada horrek, bete beharreko mandatu horrek berebiziko eragina du protagonistengan, eta Dhontek, topikoetan erori gabe, soiltasunez erretratatuko ditu haien minak, amorruak eta baita laguna galtzearen dolua ere.

Polemikaren erdigunean

Dhontek bere lehen film luzearekin lortu zituen ospea eta arrakasta. Girl lanak zinema jaialdietan ibilbide oparoa izan zuen: Cannesko jaialdian lan berri eta antzezpen onenaren sariak jaso zituen, eta Donostiako Zinemaldian Europako filmik onenaren publikoaren saria. Kritikak belgikarraren sentsibilitatea goraipatu zuen, baita gaiaren gordintasunean lortzen zuen samurtasuna ere. Baina laster hasi ziren kritika gogorragoak iristen. Lehena, aktore protagonistaren hautaketari zegokiona. Izan ere, Girl filmak neska trans baten istorioa kontatzen zuen, eta dantzari izan nahi zuen gaztearen azalean mutil zis bat ikusi genuen. Zineman LGTBI komunitateko erreferenteak izateak duen garrantzia kontuan izanik, erabaki polemikoa izan zen Dhontena. Bestalde, trans baten gorputzaren fetitxizazioa egitea egotzi zioten, eta istorioak egiazkotasun falta zuela kritikatu zuten.

Close gertukoagoa eta pertsonalagoa duen bizipenetik abiatutako istorioa da, eta, bi haurren arteko harremana aitzakiatzat hartuta hainbat gai esploratu nahi baditu ere, iritsi dira lehen kritika zorrotzak: Dhontek 13 urteko bi mutikoren arteko laguntasuna eta maitasuna hondamendi eta arazo bilakatzen dituela, hain zuzen.

'CLOSE'
Zuzendaria: Lukas Dhont.
Gidoilaria: Angelo Tijssens, Lukas Dhont.
Aktoreak: Eden Dambrine, Gustav de Waele, Emilie Dequenne, Lea Drucker, Igor van Dessel, Kevin Janssens, Marc Weiss.
Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 105 minutu.
Herrialdea: Belgika.
Estreinaldia: azaroaren 25ean estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.