Heldutasuna ez da existitzen

Valentina Maurel costarricarraren lehen film luzea da 'Tengo sueños eléctricos' lan ezohikoa. Evaren istorioa da: 16 urte ditu, eta dudaz, beldurrez eta gauzak deskubritzeko irrikaz betea dago

Tengo sueños eléctricos filmeko protagonista, bere aitarekin. BERRIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Kotxean doaz San Jose (Costa Rica) hiriko kaleetatik. Aitak gidatzen du, eta aldamenean doa ama. Eva eta ahizpa txikia atzeko eserlekuetan doaz. Eva leihotik begira doa, ahizpak egiten dizkion umekeriei kasurik egin gabe. Ama musika aldatzen saiatzen ari da, baina ez du botoiekin asmatzen. Aitak eskua kentzen dio behin eta berriro, eta kolpe batez itzaltzen du irratia. Garaje baten sarrerara iristen dira, eta aita kotxetik irteten da. Giltza batzuekin atea irekitzen saiatzen da, baina ez du lortzen, eta amorruz kotxe barnera begiratu ondoren, kotxeari lehenik eta ondoren bere buruari kolpeka hasiko da. Amak kasurik ez egiteko esaten die haurrei, eta irratiaren bolumena igotzen du. Txikienak izuaren izuz txiza egin du galtzetan, eta Eva kotxetik irteten da aitarengana hurbilduz. Aitak odoletan du kopeta.

Tengo sueños eléctricos filmaren lehen eszena da; baita trailerra ere. Valentina Maurelen lehen film luzeak 16 urteko Evaren istorioa kontatzen du. Eva San Jose hirian bizi da amarekin eta ahizpa txikiarekin. Gurasoak banandu berri dira, eta, haurrak amarekin gelditu badira ere, Evak aitarekin bizi nahi du. Aita, Martin, poeta da. Sortzailea, artista, espiritu aske bat. Baita festazalea, drogazalea eta biolentoa. Egoera ezezagun horretan galduta dabil, eta nerabezaro berri bat bizitzen ari dela dirudi. Evak ezagutzen ditu aitaren umore aldaketa eta amorru eztandak, baina harengandik gertu sentitzen da, eta, amaren segurtasun habian bizi baino, nahiago du Martinen inguruak dakarren askatasuna aztertu.

Coming of age istorio bat da Maurelen filma, baina zuzendari costarricarrak buelta bat eman nahi izan dio kontakizunari. Opera primen ohiko abiapuntua izaten dira coming of age istorioak; gaztarotik helduarorako trantsizio hori erakusten dute, pertsonaiaren garapen psikologiko eta morala dakarrena. Bada, Maurelek aldaketa fase horretan dagoen gazte bat hartu du protagonistatzat, baina oraindik ere nerabeak diren helduz inguratu du. Izan ere, haren intentzioa ez da heldu bihurtzen den gazte baten istorio lineal bat kontatzea: helmuga jakin bat ez duen garai bati buruz hitz egin nahi izan du, zalantzaz, beldurrez eta gauzak deskubritzeko irrikaz beteriko neska baten begiradatik. Zuzendariaren beraren hitzetan: nerabezaroa heldu izateko nahia esperimentatzea da, eta, aldi berean, helduak existitzen ez direla ohartzea.

Aita-alaba harremana da Tengo sueños eléctricos filmaren erdigunean dagoen beste gaia. Baina, harreman dikotomiko bat aurkeztu beharrean —galduta dagoen aita biolentoa sendatzen duen alaba arduratsu eta zentzuduna—, Valentina Maurelek ertzak gehitzen dizkie pertsonaiei, eta anbiguotasunarekin jolasten du, nostalgikotik urruntzen den erlazio bat erretratatuz. Costarricarrak Daniela Martin Navarro eta Reinaldo Amien Gutierrez aktoreen laguntza izan du Eva eta Martin antzezteko, eta haien antzezpenengatik —bai Martinena eta bai Amienena— eta Maurelen zuzendaritzarengatik sariak jaso zituzten Locarnoko jaialdian.

'TENGO SUEÑOS ELÉCTRICOS'
Zuzendaria: Valentina Maurel.
Gidoilariak: Valentina Maurel.
Aktoreak: Daniela Marin Navarro, Reinaldo Amien, Vivian Rodriguez.
Argazkia: Nicolas Wong.
Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 101 minutu.
Herrialdea: Costa Rica.
Estreinaldia: Otsailaren 3an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.