Maitatzeko era askotarikoak

Maryam Touzaniren 'The Blue Caftan'-ek maitasun istorio bat du oinarri, eta pertsona batek senar-emazte batzuengan eragiten dituen aldaketak erretratatzen ditu

Ayoub Missioui eta Saleh Bakri aktoreak, The Blue Caftan filmean. THE BLUE CAFTAN.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Halim eta Mina senar-emazteek kaftan denda bat dute Marokoko Sal hirian. Halimek josi egiten du, eta Minak bezeroekin du harremana. Halim maleem bat da, joskintza aditu bat, eta jantziak era tradizionalean egiten jarraitzen du, eskuz eta bere denbora hartuz. Jantzi bakoitza bakarra da, baita gorputz bakoitza ere, eta Halimek ideia hori buruan duela egiten du lan. Hitz gutxiko gizona da, eta orduak dendaostean igarotzen ditu, josten. Minak, berriz, bezeroen haserrea eta pazientziarik eza kudeatu behar ditu; geroz eta aurreratuagoa dagoen industria batean, jendeak ez du astirik Halimen lan preziatuak baloratzeko, eta mehatxu egiten diete makinaz lan egiten duten beste jostun batzuengana joko dutela. Halimen lan erritmo motelez gain, Mina gaixo dago, eta geroz eta denbora gutxiago eskaini diezaioke dendari. Horiek horrela, Youssef gaztea kontratatu dute, ofizioa ikas dezan. Baina, laster, bi gizonen arteko harremanak bikotearen dinamika aldatuko du, ezkutuan gordetzen saiatutakoak azaleratuz.

Maryam Touzani marokoarraren bigarren film luzea da The Blue Caftan. Iazko Cannesko Zinemaldian lehiatu zen, Un Certain Regard sailean, eta Valladolideko Seminci jaialdian aktorerik onenaren saria irabazi zuen Lubna Azabalek, Minaren rola jokatzen duenak. Bere bi filmekin, Touzanik beretzat garrantzitsuak diren eta Marokon oraindik ere tabu diren gaiei buruzko elkarrizketak bultzatu nahi izan ditu. Horrela, bere lehen film luzea, Adam, Marokon haurdun dauden emakume ezkongabeen eta berriro ere ezkondu nahi ez duten emakume alargunek jasaten duten gizarte bazterkeriaren salaketa bat zen. The Blue Caftan-ekin homosexualitatea landu du, eta diren bezalakoak izateko aukerarik ez duten pertsonei eskaini die film luzea.

Sentsualitatea

The Blue Caftan maitasun istorio bat da: desagertzear dagoen artisautza eredu batekiko maitasuna, elkar ulertu, errespetatu eta zaintzen duten senar-emazteen maitasuna, eta maitatzea debeku duten gizonena. Eta maitasun hori plano bakoitzean ikus daiteke. Touzanik, Virginie Surdej argazki zuzendariaren laguntzaz, sentsualitatez eta dotoreziaz beteriko eszenak erretratatu ditu, eta filmari izenburua ematen dion kaftan urdina egiteko erabilitako zetaren antzera, gorputzetara egokitzen diren tolesez beteriko pasarteek borobiltzen dute kontakizuna.

Marokoarrak denbora hartzen du istorioa osatzeko, eta, filmaren premisarekin kontakizunaren nondik norakoak bistakoak direla iruditu arren, zinemagileak bere pertsonaiak ulertzean eta zaintzean jartzen du begirada. Argumentu bira ikusgarriak egin ordez, maitasunak hartzen dituen forma askotarikoetan erreparatzean du interesa Touzanik, eta errespetuz eta samurtasunez pantailaratzen du interes hori.

'THE BLUE CAFTAN'
Zuzendaria: Maryam Touzani.
Gidoilariak: Maryam Touzani, Nabil Ayouch.
Aktoreak: Saleh Bakri, Lubna Azabal, Ayoub Messioui.
Argazkia: Virginie Surdej.
Generoa: drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 122 minutu.
Herrialdea: Maroko.
Estreinaldia: Martxoaren 10ean estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.