Japoniako gizartea geroz eta nagusiagoa da. 65 urtetik gorakoen kopurua gora doa, eta jaiotza tasa, ordea, behera. Gutxinaka eratuz doan krisi ekonomikoa da. Jende gazteari aukera bat emateko eta gizartean norberak duen erantzukizunaz jabetzeko sortu da Plan 75. Japoniako Gobernuaren proiektu bat da, nazioaren estutasun ekonomikoa lasaitzeko 75 urtetik gorakoak eutanasia egitera bultzatzen dituena. Protokolo, berme eta erraztasunez betetako prozesua da, eta izena ematen duten boluntarioek 100.000 yeneko (700 euro inguru) ordainsaria jasotzen dute, haien sakrifizioarengatik. Parte hartzaileek diru hori erabil dezakete hil aurreko bidaia bat, bazkari garesti bat edo hiletaren gastuak ordaintzeko, norbere aukeran.
Gizarte distopiko horretan kokatu du Chie Hayakawa japoniarrak bere lehen film luzea, Plan 75, aurretik egindako film labur baten jarraipen gisa. Istorioak hiru pertsonaia jarraituko ditu. Alde batetik, Hiromi aurkeztuko digu, Plan 75 programarako bezeroak lortzen dituen eta programan itsu-itsuan sinesten duen gaztea, bere osaba bezero gisa topatzen duenean gauzak birplanteatzen hasiko dena. Bestetik, Maria migratzaile filipinarra nagusien egoitza batean lan egitetik programan lan egitera pasatuko da, alabaren osasun tratamenduak ordaindu ahal izateko. Eta, azkenik, Michi, 78 urteko emakumea. Michik ez du familiarik, adina dela-eta lanetik kaleratu berri dute, eta haren etxea bota egingo dute: Plan 75 programan sartzea erabakiko du.
Parte hartzeko prest
2016an gizon bat Japoniako egoitza batean sartu zen, eta desgaitasunen bat zuten hemeretzi pertsona hil zituen labankadaz. Arrazoia: gizonaren iritziz, desgaitasun bat dutenek ez dute baliorik, eta zama bat dira gizartearentzat. Hayakawak gertakizun horretan inspiraturik idatzi zuen bere film luzearen gidoia; zuzendariaren ustez, Japonia tolerantziarik gabeko gizarte bilakatzeko bidean da, eta bere haserrea nonbait bideratu nahi zuen. Filma sortzeko prozesuan istorioaren abiapuntuan dagoen programaz hitz egin zien 70-80 urte bitarteko hainbat emakumeri, eta zuzendaria harrituta geratu zen, gehienek programan sartuko liratekeela aitortu baitzioten. Beldurra zen aipaturiko arrazoi nagusia: beldurra bakarrik egoteari, gaixotzeari, zama bat izateari.
Hayakawak gizarte berekoi baten erretratua egin du Plan 75-en. Enpatiarik gabeko gizarte hotz eta burokratiko bat, ustez baliogabeak bilakatu diren horiek ezabatu nahi dituena. Zientzia fikziozko ingurune bat sortu du adinaren zamaren, bakardadearen eta norbere erantzukizunaren moduko gaiez hitz egiteko; baina oso era soil eta apalean filmatu du, maiz generoaren ezaugarri diren eszenatoki edo plano ikusgarririk gabe. Pertsonaien bidaian zentratu da, eta haien eraldaketaren testigu izateko zain dauden plano luzeak erabili ditu.
Heriotzaz baino gehiago, bizitzaz hitz egiten duen istorioa kontatu du Chie Hayakawak Plan 75-en; eta ikuslea hezitzeko sermoirik gabe, eta haren pertsonaiekiko pena eta sentimentaltasunik erakutsi gabe, komunitatea eta giza harremanen beharraz mintzatu da.
'PLAN 75'
Zuzendaria: Chie Hayakawa.
Gidoilaria: Chie Hayakawa.
Aktoreak: Chieko Baisho, Hayato Isomura, Stefanie Arianne.
Argazkia: Hideho Urata.
Generoa: drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 105 minutu.
Herrialdea: Japonia.
Estreinaldia: Apirilaren 5ean estreinatuko da Hegoaldean.
Zahartzearen zama
Chie Hayakawak Japonia distopiko batean kokatu du bere lehen film luzea. Gobernuak programa bat sortu du, 75 urtetik gorakoak eutanasia egitera bultzatzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu