Aurrera egiten ikasteko mundu bat

Hamar urteren ondoren, Hayao Miyazaki zinemagile japoniarrak bere azken lana aurkeztu du: 'Kimitachi wa dô ikiru ka', doluari aurre egin eta egoera berrietara egokitzen ikasiko duen haurraren istorioa

Ohi bezala, Miyazakik irudi ederrak eta hausnarketak uztartu ditu film berrian. EFE/TIFF.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
2013an Hayao Miyazaki zinemagile japoniarrak bere azken filma izango zena aurkeztu zuen: Kaze tachinu (The Wind Rises). Hala iragarri zuen, behintzat, Veneziako Zinemaldian filma aurkeztu zuen egunean; Miyazaki erretiratu egingo zen. Atzean uzten zuen ia 35 urteko ibilbidea.

1979an estreinatu zuen japoniarrak bere lehen film luzea: Rupan Sansei: Kariosutoro no Shiro (Lupin III: The Castle of Cagliostro). Ondoren iritsiko zen Kaze no Tani no Naushika (Nausicaä of the Valley of the Wind) 1984an. Filmak izan zuen arrakastak Miyazaki Ghibli animazio estudioa sortzera eraman zuen, Isao Takahatarekin eta Toshio Suzukirekin batera. Horrek lan egiteko askatasuna eman zien; haien arau, erritmo eta beharren arabera sortu zitzaketen kontakizunak. Estudio horren babesarekin joan da Miyazaki bere iruditeria eraikiz; urteetan zehar imajinazioz beteriko unibertsoak sortu ditu, errealitatearen ispilu diren metaforez betetako istorioak erretratatuz, ekologia, bakea, dolua, injustizia eta antzeko gaiak pertsonaia koloretsuen bidez landuz.

Hamaikagarren filma zuen Miyazakik Kaze tachinu. Tonari no Totoro (My Neighbor Totoro). Sen to Chihiro no Kamikakushi (Spirited Away) eta Hauru no Ugoku Shiro (Howl's Moving Castle) filmen arrakastaren ondoren, Miyazakiren istoriorik errealistena izan zen. Irudimenezko munduetarako ihesbiderik gabe, askoren ustez, autobiografia baten antza izan zuen filmak, eta, beraz, zentzua zuen japoniarraren azkena izateak. Ez zen hala izan, ordea. Erretiroa iragarri ondoren, film labur bat egin zuen Miyazakik bere semearekin batera, eta 2018an film berri batean lanean ari zela adierazi zuen.

Kimitachi wa dô ikiru ka (The Boy and the Heron) da Miyazakiren lan berria. Hau benetan japoniarraren azkena izango zela zioten zurrumurruek, baina Ghibli estudioko presidenteorde Junichi Nishiokak adierazi duenez, zinemagile japoniarra ideia berrietan ari da lanean. Filmak Donostiako Zinemaldia zabaldu zuen, Miyazakiri Donostia saria eman zioten galaren ostean.

Mahito haurraren istorioa kontatzen du Ghibli estudioaren filmak. Bigarren Mundu Gerran gertatutako sute batean galduko du ama Mahitok, eta landa eremu batera joango da aitarekin eta bere emazte berriarekin bizitzera. Amaren galerari aurre egin beharko dio gazteak, etorkizun berria onartzen ikasten duen bitartean. Bizileku berriaren inguruan topatuko du Mahitok ihesbide bat: mundu berri baterako sarbidea den atea. Hildakoak bizidunekin nahasten diren mundu horretan, Mahitok ametsen itsaso bat zeharkatzen duen pirata ezagutuko du, papagaitxo maltzur batzuengandik ihes egingo du, eta unibertsoaren kontrola duen eguraldiaren gizonarekin bilduko da.

Bere filmografiari egindako erreferentziaz betea, Miyazakik, beste behin, bere unibertsorako atea ireki eta, lantzen dituen gaien gordintasuna alde batera utzi gabe, irudi eta hausnarketa ederrez beteriko filma egin du.

'KIMITACHI WA DÔ IKIRU KA / THE BOY AND THE HERON'
Zuzendaria: Hayao Miyazaki.
Gidoilariak: Hayao Miyazaki. Eleberria: Genzaburô Yoshino.
Aktoreak: Animazioa.
Musika: Joe Hisaishi.
Generoa: Drama.
Urtea: 2023.
Iraupena: 124 minutu.
Herrialdea: Japonia.
Estreinaldia: Urriaren 27an estreinatuko da Hegoaldean, eta azaroaren 1ean Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.