Datorren asteko estreinaldiak

Klasiko garaikide baten itzulera

Pixar ekoiztetxeak iritziz aldatu du, eta 'Toy Story' sail arrakastatsuak trilogia izateari utzi dio

Pixar ekoiztetxearen Toy Story saileko azken atalak Pertsonaia berriak ditu. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Toy Story estreinatu zenean, 1995. urtea zen, eta, orduan, zinemaren historiarako bi mugarri ezarri zituen: batetik, efektu digitalekin osoki egindako lehen film animatua izan zen; gaur egun normala iruditzen zaigun hori egundoko aldaketa izan zen hortik aurrera eginen ziren film gehienetan, artistikoki zein ekonomikoki.

Bestetik, Pixar estudioen lehen film luzea izan zen John Lasseterrek zuzendutakoa. Ordura arte, hainbat film labur eginak zituzten, eta gorabehera finantzario ugari izan zituen ekoiztetxeak. Hain zuzen ere, labur horietako batean dago Toy Story-ren oinarria: 1988ko Tin Toy izenekoan. Bost minutuko film labur horrek Oscar saria irabazia zuen, eta hura izan zen gerora norabide askotara zabalduko zen fantasiazko unibertsoaren hazia.

Estreinatu bezain laster, Woody bakeroaren, Buzz Lightyear zaindari espazialaren eta gainerako pertsonaien gorabeherek animazio zinema —eta zinema, oro har— irauli zuten. Kritikak ezin hobeak izan ziren, eta mundu osoan 500 miloi euro baino gehiago bildu zituen. Horiek zinema aretoetako kopuruak dira; horri gehitu behar zaizkio filmetik eratorritako mota guztietako osagarriek —panpinek, kamisetek, bideo jokoek...— ekarri zituzten mozkin ikaragarriak.

Urrezko aroa

Diruaz harago, Toy Story Pixarren historiaren aro berriaren hasiera kolosala izan zen. arrakasta itzel horrek ordura arte izandako estutasun ekonomikoei aurre egiteko balio zien, eta, horrekin, urrezko garai bati hasiera emateko moduan egon zen estudioa. Hurrengo urteetan, klasiko berriak ailegatu ziren, ia urteroko kadentziaz: A Bug's Life; Monsters, Inc.; Finding Nemo; The Incredibles; Cars; Ratatouille...

Lehenengo Toy Story-k Oscar sarietarako hiru izendapen jaso zituen: gidoi, soinu banda eta abesti onenarenak, orduan ez baitzen animazio film onenaren saririk. Ez zuen bat ere irabazi, eta, kontsolamendu moduan, propio sortutako teknika arloko sari berezia jaso zuen filmak. Beste hainbat sari jaso zituen, baina horiek baino inportanteagoa izanen zen aurrerantzean filmak izanen zuen eragin neurtezina.

Hala ere, lau urte geroago iritsi zen Toy Story 2-k jatorrizkoaren markak hautsi zituen. Ordurako, Pixar kalitatezko animazioaren erreferente nagusia zen, eta Woodyren bahiketaren gainean eraikitako istorioak are diru gehiago biltzea lortu zuen.

Orain arteko azkena 2010eko Toy Story 3 zen. Hiruretatik lehena izan zen Oscar sariak irabazten, animazio film eta abesti onenarenak eskuratu baitzituen. Horrez gain, ohiko arrakasta alimalekoa eta pertsonaia berriak —Ken eta Barbie, besteak beste— izan ziren trilogia itxi behar zuen filmaren ezaugarri nagusiak.

Hasieran, laugarrenik egonen ez zela ziurtatu zuten, baina orain Disneyren parte den Pixarrek ezin zion horrelako negozio biribil bati ez ikusiarena egin nahi, eta iritsi da laugarrena. Forky pertsonaia berria eta Bo Beepen berragerpena —hirugarrenean ez baitzen agertu— dira Toy Story 4 filmeko nobedade nagusiak.

'TOY STORY 4'

Zuzendaria. Josh Cooley.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 209.

Iraupena. 112 minutu.

Generoa. Animazioa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.