Datorren asteko estreinaldiak

Presarik gabeko ibilbide emankorra

Estreinakoz, Christopher Bale eta Matt Damon aktoreak aurrez aurre jarri ditu 'Ford v. Ferrari' filmak

Christian Bale aktoreak aurretik ere lan egin izan du Mangold zuzendariarekin. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Cars eta Fast & Furious frankizien arrakastaz harago, bada gaur egun auto lasterketen gaineko kalitatezko filmik egin nahi duenik. Esate baterako, orain dela sei urte Ron Howardek Niki Lauda eta James Hunt gidarien arteko norgehiagoka kontatu zuen Rush bikainean.

Oraingoan, James Mangoldek bi auto ekoizlek 1960ko hamarkadan izan zuten lehia ekarri nahi izan du pantailara. Garai horretan, Ferrari jaun eta jabe zen, baina Fordek ere auto lasterketen plataforma erabili nahi zuen bere ahalmen teknikoa erakusteko.

Estatu Batuetako enpresa Carroll Shelby ingeniariaren eta Ken Miles pilotu britainiarraren bitartez, Ferrariren nagusitasunari aurre egiten saiatu zen. Non eta Lemansen, munduko lasterketa-zirkuiturik inportanteenean. Han jokatzekoa zen 1966ko Munduko Txapelketa, eta Forden eta Ferrariren arteko borroka komertziala inoiz baino gordinago agertu zen mundu osoko zaleen aurrean.

Hori da, hain zuzen, Ford v. Ferrari filmak kontatzen duena. A. J. Baimeren liburuan oinarriturik, James Mangoldek lehia horren ingurumariak bildu ditu, pertsonaien gorabeherak eta lasterketen ikusgarritasuna uztartuz. Azken horiek islatzeko orduan, egungo efektu berezi digitalak alde batera utzi nahi izan ditu eta zirkuituaren gaineko abiadura, urduritasuna zein zirrara garai bateko baliabideak erabiliz jaso.

Zuzendari handienekin

Horrekin batera, filmak badu beste interesgunerik: azken hamarkadotako bi aktorerik garrantzitsuenetakoak aurrez aurre jarri izana, Christopher Bale eta Matt Damon. Oso estilo desberdineko aktoreak izanagatik ere, biak ala biak gazterik hasi ziren zineman, eta filmez film jakin izan dute star system-aren goialdean mantentzen, horretarako kalitatezko lanei uko egin behar izan gabe.

Christopher Balek badaki zer den Mangoldekin lan egitea, biak elkarrekin aritu baitziren zuzendariak 2007an egin zuen western klasiko baten bertsio berrian, 3.10 to Yuma.

Balen ibilbide zinematografikoa luze bezain oparoa da. Haurra zelarik izan zuen lehen aukera handia, 1997an Steven Spielbergen Empire of Sun-en protagonista izan baitzen. Filma porrot komertziala izan arren, aktoreari ate ugari zabaldu zizkion.

2004ko The Machinist-ekin Bale heldutasunera iritsi, eta hortik aurrera lehen mailako zuzendariek jo izan dute berarengana: Terrence Malick, Todd Haynes, Michale Mann, Zhang Yimou, Riddley Scott... Baina bereziki bere izena Christopher Nolanekoarekin loturik dago, Batman saila zein The Prestige harekin egin baititu.

Matt Damonek ere jakin izan du onik ateratzen bolada zinematografikoen gorabeheretatik. Harentzat, 1997 izan zen urte giltzarria, urte horretan estreinatu baitziren The Rainmaker, Chasing Amy eta Good Will Hunting.

Besteak beste, Steven Spielberg, Gust Van Sant, Martin Scorsese, Terry Gilliam edo Clint Eastwoodekin lan egiteko aukera izan du. Baleren kasuan, Batman izan da osperik handiena eman dion rola; eta Damonenean, berriz, Jason Bournerena da ezinbesteko erreferentzia.

'FORD V. FERRARI'

Zuzendaria.James Mangold.

Aktoreak. Matt Damon, Christian Bale, Jon Bernthal, Caitriona Balfe, Noah Jupe.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 152 minutu.

Generoa. Akzioa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian; ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.