Datorren asteko estreinaldiak

Maisu bat, maisulan baten bila

Klaus Haro zinemagileak Olavi Launio arte galerista protagonista duen film bat egin du, erretratu misteriotsu bat hizpide hartuta. Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian

Olavi Launio arte galerista zaharra, bere biloba Ottorekin batera, arteari buruzko liburu bati begira. TUNTEMATON MESTARI.
Nagore Arin.
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Tuntematon Mestari. Euskarara itzulita: artista ezezaguna. Hori da Klaus Haro zinemagilearen azken film luzearen izena. Finlandiarra da, eta 2018an estreinatu zen. Hego Euskal Herrian ostiralean ikusi ahal izango da estreinakoz. Olavi Launio izeneko agure bat da film luzearen protagonista, eta Heikki Nousiainen antzezleak pantailaratu du haren pertsonaia. Arte galerista beterano bat da, eta erretratu misteriotsu bat du begiz joa, industriaren gehiengoak ez bezala.

Urteen poderioz eta artearen bilakaeraren ondorioz, iraganean zuen prestigio ona galduz joan da Launio. Eremu profesionalean ez ezik, arlo emozionalean ere ez du momenturik oparoena bizi; izan ere, urrun sentitzen da familia eta ingurukoengandik. Testuinguru horretan, erretratu misteriotsu hori izango da bere bidelagun eta helmuga, margolanen industriak erretratuak benetan merezi duen aitorpenaz hausnartzea helburu. Hain justu ere, erretratu misteriotsu hori da ekoizpenaren tituluaren jatorria, margolari ezezagun edo anonimo baten maisulana baita.

Horretan dabilela, inolaz ere ere espero ez duen dei bat jasoko du agureak: bere alabaren deia, biloba gazteari lagundu diezaion eskatzen. Ikastetxean portaera txarra izan duela eta, gizarteratze lana egitera behartu dute Otto. Horregatik, aitonaren galeriara joango da, bertan denboraldi bat igaro eta aitonari jardun horretan laguntzera.

Sei film luze ibilbidean

Aitonaren eta biloba gaztearen arteko topaketa hori bi mundu kontrajarriren arteko borrokaren kliskatzaile izango da narrazioan. Gizon zahar, alargun eta bakarti bat, arteari buruzko kontuetan iaioa eta margolan misteriotsu batekin obsesionatua; eta lotsarik ez duen eta esperientzia berriak bizitzera irekita dagoen gaztea... Bi pertsonaiak parez pare, elkar ulertzera behartuta.

Klaus Haro zinemagile ezaguna da bere herrialdean, Finlandian. Orain arte sei film luze egin ditu, Tuntematon Mestari barne, eta guztietan lortu du zinemazaleen eta kritikarien babesa. Erritmo eta estilo jakin bat marraztu du egin dituen filmetan, eta, antza,gustagarri egin da herrialdean.

Olavi protagonista nagusitzat duena ere ez da salbuespena izan: harrera ona izan du herrialdean. Gidoi onenaren Jussi saria —Finlandian eman ohi diren sariak dira, AEBetako Oscar sari ospetsuen baliokideak— lortzeko nominatu dute aurtengo aldian, Anna Heinamaa gidoilariak egin duen lanari zor. Asteazkenean izan zen ekitaldia, baina ez zuen sari hori irabazi.

Miekkailija du izena Haroren aurreko lanak: 2015. urtean egin zuen. Kasu horretan ere Anna Heinamaa izan zuen bidelagun gidoilari gisa, eta Urrezko Globo sarietara nominatu zuten film onenaren sailean. Drama kutsua du, eta Poliziarengandik ihesean dabilen eskrimako txapeldun gazte bat da protagonista.

'TUNTEMATON MESTARI'
Zuzendaria. Klaus Haro.
Aktoreak. Heikki Nousiainen, Amos Brotherus, Pirjo Lonka,Stefan Sauk, Pertti Sveholm,Jakob …hrman, Yuha Pihanen, Eero Ritala, Juuso Kuusisto,Kristoffer Möller, HenrikkiHaavisto, Jaani Kekalainen.
Herrialdea. Finlandia.
Urtea. 2018
Iraupena. 95 minutu.
Generoa. Drama.
Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.