Datorren asteko estreinaldiak

Beldurren itxialditik begira

Moriartikoen 'La trinchera infinita' filma iaz estreinatu zuten, eta sari ugari jaso ditu geroztik nazioartean. Ipar Euskal Herrian, berriz, datorren asteazkenean estreinatuko dute

Antonio de la Torre, filmean Higinio, horma faltsu baten atzealdean gordeta, zulo batetik begira. LA TRINCHERA INFINITA.
Nagore Arin.
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Urtebete baino gehiago pasatu da La trinchera infinita lehen aldiz pantailaratu zen momentutik: Donostiako Zinemaldian izan zen iaz, Sail Ofizialean. Eta ez zen, inolaz ere, oharkabean pasatu: indartuta atera zen. Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga Moriartiko kideek zuzendu dute filma, eta Irusoin eta La Claqueta ekoiztetxeekin elkarlanean ondu dute. Orain, urtebete pasatxo eta gero, Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan ikusi ahal izango da;urriaren 28an estreinatuko da.

1936. urtean girotutako drama bat pantailaratu du hirukoteak. Gerra lehertzean, errepresalien beldur, etxe barruan giltzaperatu ziren senar-emazteen istorioa du ardatz: Higiniorena eta Rosarena. Itxialdian pasatu zituzten urteak, Higinioren bizitza arrisku larrian zegoen bitartean. Antonio de la Torre eta Belen Cuesta antzezleek gorpuzten dituzte pertsonaiak, eta aditu eta zinemazale askoren iritziz, nabarmendu eta txalotu beharreko lana da biena.

Egiazko kasuetan oinarrituta dago filma, faxisten kolpearen biharamunean beldurrez gorde ziren hamarnaka lagunena, hain justu ere. Bi ordu eta erdi inguru irauten du, eta Andaluziako toki eta paisaia ugari agertzen dira: etxe zuri eta baxuak, larre luze eta horiak... Istorioarekin eta kontakizun hori irudiz azaltzeko dotoreziarekin batera, argazkigintza ere bada zinemazaleei gustagarri egin zaien beste ezaugarri bat.

Sariz sari, lorpen ugari

Zinemaldian film luzea estreinatu berritan, «indartuta» atera zela adierazi zuten hiru zuzendariek BERRIAn. Gidoi onenaren saria eta zuzendari onenarena ez ezik, Irizar, Feroz eta Fipresci sariak ere jaso zituzten Moriartikoek. Eta gerora ere zerrenda luzatuz joan dira. Urte berean, hamabost izendapen lortu zituzten Goya sarietarako. Izendapen horietatik guztietatik, emakumezko antzezle onenaren saria lortu zuen.

Aurtengo zinemaldian ere izan du aipamenik hirukoak. EZAE EAEko Zine Aretoen Elkartearen VI. saria jaso dute La trinchera infinita film luzearengatik. Eta hori gutxi ez balitz, Oscar sarietan ingelesez besteko filmen atalean Espainia ordezkatzeko hiru hautagaietako bat ere bada; iazko urriaren 1etik aurtengo abenduaren 31ra estreinatu diren edo estreinatzeko bidean diren 58 filmen artean hautatu dute. El hoyo eta O que arde filmekin lehiatuko da.

Déjà vu bat izan daiteke, agian, zinemazaleren batentzat; izan ere, ez da hirukotearen lan bat Oscarretarako bidean den lehen aldia. 2015. urtean, Loreak filma izendatu zuten hautagai gisa, eta 2018. urtean, bestalde, Handia filma Espainia ordezkatzeko hautagaien artean izan zen. Galbahearen prozesuan aurrera egin ahala, baina, lehiatik kanpo geratu ziren biak ala biak.

'LA TRINCHERA INFINITA'
Zuzendariak. Jon Garaño, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga.
Aktoreak. Antonio de la Torre, Belen Cuesta, Jose Manuel Poga, Emilio Palacios, Vicente Vergara, Jose Maria del Castillo, AdrianFernández, Carlos Bernardino,Nacho Fortes, Joaquín Gómez, Marco Cáceres, Óscar Corrales, Esperanza Guardado, Enrique Asenjo, Estefanía Rueda.
Herrialdea. Euskal Herria etaEspainia.
Urtea. 2019.
Iraupena. 148 minutu.
Generoa. Drama.

Asteazkenean estreinatuko da Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.