Datorren asteko estreinaldiak

Errealitate ugari, gurutzatuta

Kim Yonghoon zinemagilearen lehen lana da 'Beasts That Cling to the Straw'; dramaren eta thrillerraren generoak uztartzen ditu. Ostiralean estreinatuko dute Hegoaldean

Pixkanaka bateratuz eta lerratzuz joango diren zorigaiztoko talde kaskar baten nondik norakoak biltzen ditu Yonghoonen lan berriak. BEASTS THAT CLING TO THE STRAW.
Nagore Arin.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Hego Koreatik Hego Euskal Herriko zinemetara. Ibilbide hori egingo du datorren ostiralean Beasts That Cling to the Straw film luzeak. Dramaren eta thrillerraren generoak uztartzen dituen lana da, eta Kim Yonghoon zinemagileak idatzi eta zuzendu du.

Joong-Man da protagonista: gizon gazte bat da, eta estualdian dagoen jatetxe batean lan egiten du. Aurrezki guztiak xahutu eta ia dirurik gabe gelditu ondoren, diru poltsa bat aurkituko du sauna bateko armairuan. Bitartean, eta egoera lazgarriak baldintzatuta, amarekin bizitzera itzuli beharko du. Eta hori bizimodu aldaketa handi samarra izango da harentzat, alzheimerra duen ama zaindu beharko baitu orain.

Denbora lerro berean, eta ez testuinguru hobean, aduana ofizial bat dago. Gatazka korapilatsuetan sartu berri da; izan ere, bere neska laguna mailegu emaile bati eskatu zion diruarekin joan berri da, ihesean. Hala, pixkanaka bateratzen eta lerratzen hasiko da zorigaiztoko talde kaskar baten etorkizun hurbila. Eta patu hori gainbehera betean joango da, hasiera batean, balazta sendagarririk gabe.

Pantaila handira salto

Titulu berbera duen liburu batean oinarrituta dago filma, Keisuke Sone idazleak ondutako eleberri batean. Duela bederatzi urte idatzi zuen, 2011. urtean, eta, zenbait urte pasatu diren arren, ez du gaurkotasunik galdu. Filma, bestalde, 2020an estreinatu dute, otsailean. Japoniarra da Sone, eta, adierazi izan duenez, gustuko ditu Korean eginiko film luzeak. Poztasunez jaso zuen haren lana film bat bihurtzeko berria, eta Yonghoon zuzendariak zinemarako egokitzapen bat egin izana «atsegina» dela azaldu zuen.

Hasieran ez badirudi ere, Kim Yonghoonen lehen ekoizpen luzea da Beasts that Cling to the Straw. Lehena den heinean, nabarmendu beharreko ezaugarri bat da filma atal ugaritan banatuta dagoela: hainbat kapitulu bereizi ditu, eta titulu adierazgarriak erabili ditu bereizketa horretan.

Antzezleen bitartez ere paisaia aberatsa jaso du filmean: profil askotariko pertsonaiak bildu ditu, errealitate ugariak, eta antzezleen interpretazioak ere balio erantsi bat gehitzen dio aberastasun horri. Jeon Do-yeon, Jeong Woo-seong, Bae Seong-woo, Shin Hyun-Bin, Youn Yuh-jung eta Jung-Man Seok dira filmean agertzen diren antzezleetako zenbait, eta Euskal Herriko gizartearen gehiengoarentzat zerrenda ezezaguna izan arren, talde esanguratsua da, ia guztiak oso ospetsuak baitira herrialde hartan.

Filmaren estreinaldia Rotterdameko Nazioarteko 49. Zinemaldian izan zen, 2020ko urtarrilean, eta, hain justu, lehiaketa horretan irabazi zuen lehen garaikurra: epaimahaiarena. Zenbait hilabete geroago, apirilean, aipamen berezi bat jaso zuen Ekialde Urruneko Zinemaldian, White Mulberry Award deituriko ohorezko aipamena, hain zuzen ere.

'BEASTS THAT CLING TO THE STRAW'
Zuzendaria. Kim Yonghoon.
Aktoreak. Jeon Do-yeon, Jeong Woo-seong, Bae Seong-woo, Shin Hyun-Bin, Youn Yuh-jung, Jung-Man Seok.
Herrialdea. Hego Korea.
Urtea. 2020.
Iraupena. 108 minutu.
Generoa. Drama eta thrillerra.

Ostiralean estreinatuko duteHego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.