Datorren asteko estreinaldiak

Biloba bat berreskuratzea

Drama familiar baten kontakizuna da Thomas Bezucha zinemagilearen 'Let him go' filma. Kevin Costner eta Diane Lane dira protagonista nagusiak. Ostiralean estreinatuko dute

Diane Lane eta Kevin Costner antzezleak arduratu dira George eta Margaret Blackledge senar-emazteak interpretatzeaz. LET HIM GO.
Nagore Arin.
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Seme baten galera du abiapuntu Thomas Bezucha zuzendariaren Let him go lan berriak. Dramaren eta thrilerraren generoak ukitzen ditu, eta Kevin Costner eta Diane Lane antzezle entzutetsuak dira filmaren protagonista nagusiak. Drama familiar bat da, seme bat galdu duten eta bilobari nola lagundu ez dakiten senar-emazte batzuen kontakizuna.

Montanan bizi dira George eta Margaret Blackledge: senar-emazteak dira, eta oso urte gutxi pasatu dira haien seme kutuna galdu zutenetik. Zauri hori irekia dute oraindik, eta biloba haiengandik urrun egoteak ez du egonezina asetzen. Semea hil ondoren, beste gizon batekin maitemindu zen haren neska laguna. Eta, geroztik, gizon boteretsu horrekin eta haren familiarekin bizi da Georgen eta Margareten biloba. Hori dela eta, Montanatik Dakotara joango dira bilobaren bila.

Misio hori, baina, ez da haiek uste bezain erraza izango; izan ere, Weboy familiak oztopo ugari jarriko dizkie biloba berriro ere Montanara eraman ez dezaten. Bereziki, Blanche Weboy izango da Blackledge senar-emazteen asmoak zapuztuko dituena, eta indarkeria ere erabiliko du biloba haien besoetara itzul ez dadin. Hain justu, orduan gailenduko da thrilerraren hotsa. Drama familiar bat zen hori misio zail bat bihurtuko da, eta ez du inor oharkabean utziko.

Antzezleen lana, txalogarri

Gordina dela. Zirraragarria eta hunkigarria dela. Geldiezina... Kontzeptu ugarirekin deskribatu du Let him go zinemagintzaren industriak. Kontakizuna goratu dute batzuek, indarkeriari lotuta egin duten lana beste batzuek, baina ia guztiek nabarmendu dute antzezleen jarduna; Kevin Costnerrena eta Diane Lanerena, batik bat. Hala, pertsonaia horien emozioen bidez egituratzen da filma, eta iruditeriak bezainbeste eskaintzen diete kontakizunari. Finean, bi familien arteko talka indartsuan ardazten baita filma: zaurituta dagoen familia baten eta familia ustel baten artean.

Larry Watson idazlearen liburu batean oinarrituta eginda dago filma: ekoizpenaren izen berbera du, eta 2013. urtean idatzi zuen. Liburuaren egokitzapen bat egin du Bezucha zinemagileak, eta, zinemazaleen ustetan, sorpresa izan da zuzendariak horrelako ekoizpen bat egin izana. Izan ere, komediaren generoan jardun da orain arte: 2000. eta 2011. urteen artean hiru komedia egin zituen. The Family Stone (2008) filma da ezagunena, eta, oro har, harrera ona izan zuen jendartean. Let him go ekoizpenaren kasuan ere, harrera ona izan da. Joan den urtean estreinatu zen AEBetan, azaroan. Hego Euskal Herrian, berriz, datorren ostiralean ikusi ahal izango da estreinakoz.

'LET HIM GO'
Zuzendaria. Thomas Bezucha.
Aktoreak. Kevin Costner, Diane Lane, Jeffrey Donovan, Booboo Stewart, Lesley Manville, KayliCarter, Will Brittain, Greg Lawson, Bradley Stryker, Ryan Northcott, Aidan Moreno, Ryan Bruce,Caillou Pettis, Adam Stafford,Tayden Marks, Amber Shaun.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2020.
Iraupena. 108 minutu.
Generoa. Drama eta thrillerrauztartzen ditu.

Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.