Datorren asteko estreinaldiak

Gau odoltsu baten ondorioak

Gero eta gehiago dira pandemiaren eraginez jarduna eten behar izan duten zinema aretoak. Sareko estreinaldiak dira salbuespen urriak; 'No Matarás' filma da horren adibide

Milena Smit eta Mario Casas antzezleak, No Matarás filmean. Mila eta Dani gorpuzten dituzte, eta elkar ezagutu duten lehen gaua da irudian ageri dena. NO MATARAS.
Nagore Arin.
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Ia urtebete da pandemia Euskal Herriko egunkarietan eta gainerako hedabideetan sartu zela: kutsatuen datuen zerrenda, pandemiak zerbitzuen sektorean eragindako albo kalteak, eta abar, eta abar. Ondorio horietako ugari zinemagintzaren industriak jasan zituen, bai eta zinema aretoen zerrenda luzeak ere. Hirugarren olatu gisa izendatu duten honetan ere antzeman dira albo kalte horiek, eta filmen estreinaldiak ere tantaz tanta atzeratzen dabiltza. Areto askotan jarduna etena dute jada, eta beste askotan erabaki horren alde egin dute. Edo, beste modu batera esanda, egin behar izan dute. Plataforma digital handiak dira salbuespen urriak: horietan, estreinaldiak ez dituzte atzeratu.

Horren adibide da No Matarás filma. David Victori zuzendariak egin du, eta, besteak beste, Mario Casas, Milena Smit eta Joaquin Caserza antzezleak agertzen dira ekoizpenean. Thrillerraren kutsu iluna duen lana da, 90 minutu pasa irauten du, eta Daniren eta Milaren kontakizuna du ardatz. Ordainpeko Movistar Plus eta Filmin plataformetan estreinatuko dute;hurrengo ostiralean jarriko dute ikusgai.

Mutil gazte bat da Dani. Haren aita zaintzen pasatu ditu azken urteak, gaixotasun bat dela-eta bere laguntza behar izan duelako. Hura hil ostean, lehengo bizitzara bueltatu da berriro, lehen egiten zituen horiek egiten hasi da, eta, besteak beste, bidaia luze bat egin nahi duela erabaki du. Hain justu, bidaia horretan bertan ezagutuko du Mila.

Gau itogarri bat

Hasieratik ilun samarra izango da haien harremana; izan ere, Mila ere ilun samarra da. Elkarrekin gero eta denbora gehiago pasatu ahala, harreman hori sakonduz joango dira Dani eta Mila, baina ez luzaroan. Harreman polit baten hastapena izan zitekeena amesgaizto bihurtuko da Danirentzat: zauri andana, odola, oihuak, malko gaziak, hildakoak. Eta orduan, tonu beltzago bat gailenduko da ekoizpenean: erritmo biziak, protagonistaren ezinegona pantailatik ikusleen etxeetara garraiatuta, atmosfera hori bera sakonki mantentzeko hautu teknikoak eta estetikoak... Finean, thriller beltz eta, sarritan, itogarri bat.

Joan den urtean amaitu zuten filma grabatzen eta ekoizten, eta dagoeneko Espainiako jaialdi askotan izan da Victoriren lana.Horietako gehienetan, gainera, izendapen ugari jaso ditu. Gaudi sarietan, adibidez, sei izendapen lortu zituen; tartean, antzezlerik onenarena. Feroz sarietan, berriz, lau izendapen eskuratu zituen, filmik onenarena eta zuzendaritzarik onenarena, horien artean. Forque sarietan, antzezlerik onenen sailean baloratu zuten Casasen jarduna, eta Goya sari entzutetsuetan ere hiru izendapen lortu ditu.

'NO MATARAS'
Zuzendaria. David Victori.
Aktoreak. Mario Casas, Milena Smit, Joaquín Caserza, Victor Solé, Elisabeth Larena, Albert Green, Fernando Valdivieso, Andreu Kreutzer.
Urtea. 2020.
Iraupena. 92 minutu.
Generoa. Thrillerraren generoan kokatu dute, baina beldurraren zantzu ugari ere baditu.

Ostiralean estreinatuko duteMovistar Plus eta Filmin ordainpeko plataformetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.