Datorren asteko estreinaldiak

Maitasuna, ur uhinetan barna

Christian Petzold zinemagilearen 'Undine' lan berriak maitasun istorio bat du oinarri. Drama darion film bat da, eta Movistar Plus eta Filmin plataformetan estreinatuko dute

Undine, bakarrik utzi zuen maitalearekin, igerileku batean. Gerora ezagutuko du Christoph, urpekari gisa lan egiten duen gizon adeitsu bat. UNDINE.
Nagore Arin.
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Undine. Horrela du izena Christian Petzold zinemagilearen lan berriak. Baina izenburu soil bat izateaz harago, filmaren bizkarrean gordetzen dena xehatzen lagundu dezakeen kontzeptu bat da. Greziako mitologian erabili izan da gehienbat undine hitza. Elezahar batzuen arabera, urari loturiko pertsonaiak ziren. Gerora, ninfa kontzeptuarekin ere izendatu zituzten, eta urteak aurrera egin ahala, sirena gisa ere izendatu izan dira.

Filmaren kasuan, pertsonaia nagusiari ematen dio nortasuna. Emakume historialari bat da Undine, eta Berlingo hiri garapenari buruzko hitzaldiak ematen ditu. Maitale bat du, eta maitaleak bakarrik uzten duenean, barruan dituen mamuak gailenduko dira pertsonaiaren egunerokoan. Harreman galdu hori eta hark eragindako beldur guztiak gainditzen dituen bitartean, beste pertsona bat agertuko da Undineren parean: Christoph, urpekari gisa lan egiten duen gizon adeitsu bat.

Undineren antzera, urarekin lotura nabarmena du bigarren pertsonaiak. Maitasun harreman batean murgilduko dira biak ala biak, eta, hala, minbera zituen zauriak sendatzen hasiko da Undine. Hasiera pasional hori salbamendu uztai bihurtuko da Undinerentzat, baina gertatzear den istripu bat mugarri izango da Undineren bizitza berriz ere kolokan jartzeko.

Sinbolismoak nonahi

Film osoan presente dagoen elementu bat da ura. Izenburuaren funtsa indartzeaz gain, ekoizpenaren hari narratibo ere bada, eta berebiziko garrantzia du gertakari guztietan. Filmaren sinbolismo ugarietako bat da; izan ere, sinbolismoz eta poesiaz beteta dago filma. Sinbolismoak, ura bezalako elementuekin egindakoak; eta poesiari lotutakoak, berriz, ekoizpenaren muntaian eta irudien tratamenduan.

Zinemazaleen artean ere ezaugarri horiek nabarmendu dituzte. Christian Petzold zuzendariaren lana azpimarratu dute, eta adierazi dute zinemagilearen berezko elementu asko dituela, eta positiboak zein negatiboak direla. Horien artean dira, hain justu ere, maitasuna eta drama muturreraino eramatearen grina, eta itxuraz sinpleak diruditen baina pixkanaka bira batzuekin korapilatzen diren kontakizun askotarikoak. Horrez gain, Undireren pertsonaia pantailaratzen duen Paula Beer antzezlearen jarduna ere goraipatu dute adituek.

Jaialdi entzutetsu askotan proiektatu dute jadanik filma, eta horietako hainbatetan garaikur ugari lortu ditu, gainera. Europako Zinemaren Sariak jaialdian, adibidez, film onenaren sailean izendatu zuten, eta emakumezko antzezle onenaren garaikurra irabazi zuen. Berlingo Jaialdian ere sari berbera irabazi zuen Paula Beer antzezleak, eta, lorpen horretaz gain, Fipresci deituriko garaikurra ere eraman zuen filmak. Sevillako Jaialdian, bestalde, zuzendaritza onenaren eta muntaia onenaren sariak lortu zituen.

'UNDINE'
Zuzendaria. Christian Petzold.
Aktoreak. Paula Beer, FranzRogowski, Maryam Zaree, Jacob Matschenz, Anne Ratte-Polle,Rafael Stachowiak, José Barros, Julia Franz Richter.
Herrialdea. Alemania
Urtea. 2020.
Iraupena. 90 minutu.
Generoa. Maitasuna, drama.

Ostiralean estreinatuko duteMovistar Plus eta Filmin atarietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.