Datorren asteko estreinaldiak

Idazle baten lehenengo lerroak

Herrialde askotan estreinatu eta milaka laudorio jaso ondoren, Filmin plataforma digitalean estreinatuko dute 'Martin Eden' filma. Jack London idazlearen liburu bat du oinarrian

Egun batetik bestera, guztiz aldatuko da Martin Eden pertsonaiaren bizitza: marinel xume bat izatetik idazle arrakastatsu bat izatera pasatuko da. MARTIN EDEN.
Nagore Arin.
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Duela hiru urte inguru estreinatu bazuten ere, oraindik ere aditu eta zinemazale askori begirada liluraz lausotzen die Martin Eden deituriko ekoizpen arrakastatsuak. Pietro Marcello zinemagile italiarraren maisulan gisa definitu dute, eta duela ehun urte baino gehiago Jack London idazleak idatzitako liburu batean oinarrituta dago filma. Hiru urtez milaka herrialdetan estreinatu eta jaialdi ugaritan proiektatu eta gero, Filmin plataforma digitalera ere iritsi da: datorren ostiralean ikusi ahal izango da, estreinakoz.

Filmaren izen berbera du pertsonaia nagusiak ere: Martin Eden mutil gazte eta xume bat da, eta marinel moduan lan egiten du. Halako batean, goi mailako pertsona bati egingo dioten eraso baten lekuko izango da, eta eraso hori geldiarazi eta goi mailako pertsona horren alde egingo du, eta hari lagundu. Martinen jarrera horrekin harrituta eta esker onez, Arturo goi mailako pertsonaiak etxera gonbidatuko du Martin, eta pixkanaka bere bizimoduaren lekuko eta konplize egingo du, Martin ere bizimoduan sartuz.

Literaturaren bideari eutsiz

Arturoren laguntzarekin, Martin hezkuntzaren arlo eta abantaila ugariak ezagutzen hasiko da, eta hala, gero eta gertuago izango du betidanik izan duen burutapena: idazkuntza. Luxuzko bizimodu hori duen bitartean, lehenago ez zituen laguntza horiek guztiak aprobetxatzen saiatuko da Martin, eta aurrerapauso ugari egingo ditu idazle izateko bidean. Egun batean, baina, Arturoren ahizparen berri izango du, eta berarekin maiteminduko da. Eta hala, maitasun harreman batean murgilduko dira biak ala biak.

Martinen pertsonaiaren antzera, idazle izan nahi zuen Jack London Martin Eden liburuaren egileak ere. Hala, paralelismo bat ikus daiteke bien artean, eta, aditu zein zinemazale askoren hitzetan, liburuaren nondik norakoak argazkietara eramatean Marcello zuzendariak izan duen ereduzko gidaritza izan da horren erantzule. Hain justu, moldaera hain ongi eta zuzenki egiteagatik jaso ditu laudorioak zuzendariak, eta Luca Marinelli antzezlearen lana ere lagungarri eta txalogarri izan da.

Ikusleen laudorioak soilik ez, jaialdietan ere sari eta izendapen ugari lortu ditu. Besteak beste, Europako Zinemaren Sarietan, Gotham Sarietan, Veneziako (Italia) eta Sevillako (Espainia) jaialdietan edota David di Donatello Sarietan proiektatu dute filma, eta horietan guztietan lortu ditu hainbat izendapen. Sevillako jaialdian, adibidez, filmik onenaren garaikurra irabazi zuen,estreinatu zen urtean. Veneziako Jaialdian, berriz, Luca Marinelli antzezlearena izan zen lorpena, interpretaziorik onena irabazita.

'MARTIN EDEN'
Zuzendaria. Pietro Marcello.
Aktoreak. Luca Marinelli, Jessica Cressy, Carlo Cecchi, DeniseSardisco, Vincenzo Nemolato, Carmen Pommella, Autilia Ranieri, Marco Leonardi, Elisabetta Valgoi, Pietro Ragusa, Giustiniano Alpi, Anna Patierno, Vincenza Modica, Savino Paparella, Gaetano Bruno, Maurizio Donadoni.
Herrialdea. Italia.
Urtea. 2019.
Iraupena. 130 minutu.
Generoa. Drama eta maitasuna uztartzen ditu.

Filmin plataforma digitalean estreinatuko dute filma datorren astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.