Datorren asteko estreinaldiak

Itzuleraren gaziak eta gozoak

Mendekotasun arazoak dituen saskibaloiko izar ohi bat interpretatu du Ben Affleck antzezleak 'The Way Back' filmean. Movistar Plus atarian estreinatuko dute, ostiralean

Ben Affleck da protagonista, eta saskibaloiko izar ohi baten azalean sartu da. Irudian, entrenatzaile gisa ageri da, ikasle batekin. THE WAY BACK.
Nagore Arin.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Sarritan entzuten dira famaren eta ospearen gainazala laztandu eta beheranzko bidaia maldatsu, eta, batzuetan, arriskutsu bat hasten duten musikari, antzezle eta kirolarien bizipen ugariak. Ekoizpen asko egin dira premisa eta errealitate horien inguruan, eta, hain justu ere, testuinguru horretan girotutako lan bat da Gavin O'Connor zinemagilearen azken filma: The Way Back. Ekoizpen horretan, saskibaloiko izar ohi baten azalean jarri da Ben Affleck, eta, filmaren izenburuak dioen bezala, entrenatzaile gisa nola itzultzen den kontatzen du. Movistar Plus atarian jarriko dute ikusgai, ostiralean.

Edanaren eta drogen mundu arriskutsuak ilundu zuen Ben Affleck antzezleak interpretatzen duen protagonistaren jarduna: gorenera iritsi zenean murgildu zen mundu horretan, eta horren ondorioz hasi zen jokalariaren gainbehera profesionala. Zenbait urte pasatuta, baina, saskibaloiaren mundu maitatu horretara itzuli nahi du pertsonaiak, eta, partiden beste aldera pasatuta, entrenatzaile hasiko da.

Itzulera gazi-gozo horretan, institutu bateko talde handi baten entrenatzaile izango da Affleck, eta talde hori osatzen duten ikasle guztiekin bizitzen asmatu beharko du. Hala, saskibaloi taldearen eta entrenatzailearen nondik norakoak jasotzen dituen ekoizpena da The Way Back, eta, gazte horien bizipen ugariekin batera, entrenatzailearen beldur eta mamuen berri ere jasoko du ikus-entzuleak.

Ben Affleck, guztiz biluztuta

Zinemazaleen zein adituen ustez, zoragarri egin du antzezleak bere jarduna: interpretazio sinesgarri eta samur bat egin duela diote, etamomentu batzuetan zaila dela pertsonaren eta pertsonaiaren muga lauso hori non hasten eta amaitzen den bereiztea. Horrela mintzatu da, adibidez, filma ikusi duen ikusle bat: «Saskibaloi entrenatzaile alkoholiko gisa duen interpretazio apala inoiz egin duen lanik pertsonalena izan liteke». Afflecken lana goratzeaz gainera, saskibaloi partidetan nabari den sinesgarritasuna ere nabarmendu dute: «Erabateko sinesgarritasuna eskaintzen du partidetan; jokaldi bakoitzean, esaldi bakoitzean».

Iaz estreinatu zuten Gavin O' Connerren lana, martxoaren 6an. Zinema aretoetan zein digitalki estreinatu zuten filma, eta, zenbait iturriren arabera, 25 milioi dolar inguru bildu zituen. Jaialdi askotan ere proiektatu dute ekoizpena, eta zenbait izendapen ere jaso ditu txapelketa horietan. Critics Choice Awards deituriko sariketa entzutetsuan, adibidez, antzezle onenaren sailean izendatu zuten Affleck, baina azkenean ez zuen sari hori lortu.

Orain, Movistar Plus plataforma digitalean ikusi ahal izango da haren jarduna datorren astetik aurrera, nork bere irizpideen arabera epaitu eta baloratzeko.

'THE WAY BACK'
Zuzendaria. Gavin O'Connor.
Aktoreak. Ben Affleck, Sal Velez Jr., Hayes MacArthur, JaninaGavankar, Rachael Carpani, Jay Abdo, T.K. Carter, Lukas Gage, Al Madrigal, Marlene Forte, Yeniffer Behrens, Chris Bruno.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2020.
Iraupena. 108 minutu.
Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Movistar Plus atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.