Datorren asteko estreinaldiak

Gerraren eta minaren erretratu

Balkanetako gerraren erretratu mingarri bat egin du Jasmila Zbanic zuzendariak 'Quo vadis, Aida?' ekoizpenean. Ostiralean estreinatuko dute Hegoaldeko zinema aretoetan

Balkanetako gerra kontatzen da filmean. Irudian, milaka eta milaka herritar, serbiarren armadaren erasoetatik babesteko ezkutatuta. QUO VADIS, AIDA?.
Nagore Arin.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Iragan igandean banatu zituzten Oscar Sariak, eta, bigarren urtez jarraian, pandemiaren itzalean ospatu zuten topaketa hori. Aditu eta zinemazale askoren apustuak bete ziren; izan ere, Chloe Zhao zuzendariaren Nomadland filma izan zen protagonista. Hiru sari lortu zituen, eta ez edonolakoak, gainera: zuzendaririk onenarena, aktorerik onenarena, eta, hiruren artean garrantzitsuena, filmik onenarena jaso baitzituen. Horiez gain, beste hainbat garaikur ere banatu zituzten, horien artean, ingelesez besteko filmarena. Quo Vadis, Aida?, Druk, The Man Who Sold His Skin, Collective eta Better Days lan luzeak ziren film izendatuak, eta, azkenean, Druk izan zen garaile.

Garaikur hori lortzeko pauso gutxira gelditu ziren besteak; horien artean, Quo Vadis, Aida?. Dramaren eta gerraren generoak uztartzen dituen ekoizpen bat da, eta Oscarrik irabazi ez badu ere, izugarrizko harrera izan du aditu eta zinemazaleen artean. Orain, Oscarren gaua pasatu eta egun gutxira, Hegoaldeko antzoki eta zinema aretoetan estreinatuko dute, ostiralean.

Historiaren zati bat iruditan

Balkanetako gerra kontatzen da filmean: 1995. urtearen inguruan girotuta dago, eta garai hartako Bosnia da epizentro nagusi. Gerra horren erdian, pertsonaia bat da nagusi: Aida. NBE Nazio Batuen Erakundean itzultzaile bezala lan egiten du Srebrenica hiri txikian. serbiarren armada etorri eta herriguztiak hartzen dituenean, haren familiako kideak NBEko eremu babestuetara eraman eta bertan gordetzen ditu, beste milaka eta milaka pertsonarekin batera. Hori gutxi ez, eta testuinguru zail eta lazgarriak bizi behar izango ditu Aidaren pertsonaiak; izan ere, negoziazioetan parte hartzen duenez, informazio asko du.

Askotan, zaila izaten da historian gertatu zen, eta jende askoren memorian gordeta eta iltzatuta dagoen zerbait iruditara eramatea. Zaila, eta norbait gustura ez gelditzeko erraza. Seguru gauza bera pasatu dela Quo Vadis, Aida? filmarekin ere, baina ikusi duten zinemazale eta aditu askoren ustez, zoragarri egina dago. Hala mintzatu da horietako bat: «Konplexurik gabe kontatzen du Balkanetako gerra. [...] Pentsa daitekeenaren aurka, zintzotasun basatian eta haserre korapilatsuan handi bihurtzen da filma».

Oscar Sarietan ez ezik, beste hainbat eta hainbat jaialditan ere izan da Jasmila Zbanicen lana. Erresuma Batuan egiten diren BAFTA sari entzutetsuetan, kasu, ingelesez besteko filmik onenaren eta zuzendaririk onenaren sailetan izendatu zuten lana. AEBetako Independent Spirit jaialdian, nazioarteko lanik onenarena lortu zuen. Veneziako eta Sevillako jaialdietan, berriz, sail ofizialean proiektatu zuten ekoizpena.

'QUO VADIS, AIDA?'
Zuzendaria. Jasmila Zbanic.
Aktoreak. Jasna Djuricic, Izudin Bajrovic, Boris Ler, Dino Bajrovic, Boris Isakovic, Raymond Thiry,Johan Heldenbergh, Joes Brauers, Emir Hadzihafizbegovic, Reinout Bussemaker, Teun Luijkx.
Herrialdea. Bosnia etaHerzegovina.
Urtea. 2020.
Iraupena. 105 minutu.
Generoa. Drama, gerra.

Datorren ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.