Mia eta Moi anai-arrebei buruz hitz egiten du Borja de la Vegaren estreinako film luzeak: Mia y Moi du izena, eta, izenburuak iradoki dezakeen bezala, haien bizitzari eta sentimenduei buruz mintzo da. Ertz guztietatik elikatzen den ekoizpen bat da: maitasun istorioak ditu, familiarteko zaurietan ere sakontzen du, elkarbizitzaren eta zaintzaren gaian murgiltzen da... Baina, batez ere, familiari buruz hausnartzen du; izan ere, duela gutxi haien ama galdu duten bi anai-arreba dira Mia eta Moi.
Ricardo Gomez eta Bruna Cusi aktoreak arduratu dira bi anai-arreben pertsonaiak gorpuzteaz, eta haiekin batera agertuko dira Raquel Espada, Joe Manjon, eta euskaldun zein euskal herritar askorentzat aski ezaguna den Eneko Sagardoi ere. Hainbat jaialditan eta zinemagintzari lotutako ekitalditan proiektatu dute dagoeneko, eta erantzun ona izan du zinemazaleen artean. Hain justu ere, ibilbide horretan sakontzeko asmoz estreinatuko dute filma Hego Euskal herriko antzoki eta zinema aretoetan, datorren ostiralean.
Familiari buruzko gogoeta
Ama galdu ondoren, naturaren erdian dagoen etxebizitza batera joan dira Mia eta Moi: familiarena da, eta oroitzapen asko bizi izan dituzte bertan. Haiekin joan da Biel —Eneko Sagardoi—, Moiren bidelaguna. Eta, horrela, atseden hartzen eta zauriak sendatzen ahaleginduko dira hirurak, elkar babestuz eta elkar lagunduz. Batez ere Moiren kasuan; izan ere, nerbio krisi bortitz batetik sendatzen ari da.
Bat-batean, baina, harmonia hori hautsiko da, Mikel, Miaren bidelaguna, iristen denean. Hala, iraganeko mamuak eta aurrez azaldu ez dituzten emozio eta sentimenduak nagusituko dira haien artean, eta horiei aurre nola egin jakin beharko dute.
De la Vega zuzendariaren iritziz, lau pertsonaia horien artean gertatzen dena da garrantzitsuena. Izan ere, «lau pertsonaia horiek etxean dauden pertsona adina konbinazio sor ditzakete». Konbinazio horiek kontuan izanda, gauza berbera ikuspuntu askotatik ikusteko eta aztertzeko parada izango du ikus-entzuleak, kasu honetan, filmaren izenburutik eta Miaren eta Moiren zirkulutik harago.
Borja de la Vegaren estreinako filma da Mia y Moi, ibilbide profesionalaren lehen marka moduko bat. Ekoizpenean parte hartu duten antzezleen kasuan, hala ere, eskarmentu dezente duten hainbat profesional daude. Bruna Cusiren, Ricardo Gomezen eta Eneko Sagardoiren kasuan, hirurek jaso dute noizbait Goya sariren bat. Cusiren kasuan, Verano del 1993 filmarekin lortu zuen antzezle berririk onenaren garaikurra; Gomezek, berriz, 1898: Los ultimos de Filipinas lanarekin; eta Eneko Sagardoik Aitor Arregiren eta Jon Garañoren Handia filmarekin.
'MIA Y MOI'
Zuzendaria. Borja de la Vega.
Aktoreak. Bruna Cusi, Ricardo Gomez, Eneko Sagardoi, JoeManjon, Raquel Espada.
Herrialdea. Espainia.
Urtea. 2021.
Iraupena. 108 minutu.
Generoa. Nagusiki drama, baina maitasun ukituak ere baditu.
Datorren ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian antzoki eta zinema aretoetan.
Datorren asteko estrenaldiak
Familiarteko zauri eta gantzu
Ostiralean estreinatuko dute Borja de la Vega zinemagilearen estreinako lana, 'Mia y Moi'. Eneko Sagardoi da protagonistetako bat. Hegoaldeko aretoetan izango da ikusgai

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu