Datorren asteko estreinaldiak

Bestelako balioen karabana

Sariak jaso eta jaso dabil Chloe Zhaoren 'Nomadland' filma, eta asteazkenean estreinatuko dute Iparraldean. Bizimodu nomada hasiko duten bi pertsonaien bizitza kontatzen du

Frances McDormand antzezleak interpretatu du Nomadland filmaren bi protagonistetako bat, eta emakumezko antzezle onenaren Oscar saria jaso du. NOMADLAND.
Nagore Arin.
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Azkenaldian gehien entzun diren ekoizpenen tituluen artean dago Nomadland, bai jaialdietan jaso dituen sari guztiengatik, bai aditu eta zinemazaleen partetik pilatu dituen laudorio eta goraipamen guztiengatik. Chloe Zhaorena da artelana: txinatar-estatubatuarra da, eta duela gutxi Oscar sarien historiara pasatu da, zuzendaririk onenaren garaikurra jaso duen historiako bigarren emakumea bihurtu baita. Orain dela zenbait hilabete estreinatu zuten Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, asteazkenean estreinatuko dute; izan ere, duela gutxi ireki dituzte berriro antzokiak eta zinema aretoak.

Filmaren izenburuak iradoki dezakeen bezala, bizimodu eta nortasun nomadaren gaia landu du zuzendariak ekoizpenean. Krisi baten ondorioz ondasun guztiak galdu dituen eta hori dela-eta bere biziera aldatu behar izan duen emakume baten bizitza du abiapuntu. Dena atzean utzi eta, karabana zahar bat lagun duela, AEBetako errepideetan barrena joango da protagonista, eta, hain justu ere, testuinguru horretan ezagutuko du Fern: karabana bat bizitoki duen beste nomada bat. Horrela, bi pertsonaien bideak eta bizimoduak gurutzatuko dira, eta gizarte konbentzionaletik at dagoen beste egunerokotasun bat posible dela erakutsiko dute.

Zerrenda bukaezina

Bukaezina da Chloe Zhaoren film luzeak jaso dituen izendapenen eta sarien zerrenda. Bukaezina da, zinemagintzaren industriako jaialdi sonatu gehienetan jaso duelako aipamenen bat, eta asko eta askotan, gainera, sariren bat baino gehiago. Oscar sarietan, adibidez, sei izendapen lortu ditu, eta izendapen horietatik hiru sari eraman ditu: filmik onenarena, zuzendaririk hoberenarena eta antzezlerik onenarena —Frances McDormandentzat—. Sariketaren protagonista eztabaidaezina izan da, eta kritikarien aurreikuspen guztiak bete ditu, film faboritoen artean baitzegoen hasieratik.

BAFTA sarietan ere film onena izendatu zuten Nomadland, eta, horrez gain, zuzendari onenaren, emakumezko antzezle onenaren eta argazkilaritza hoberenaren sariak ere jaso zituen. Urrezko Globoen kasuan, film onenarena eta zuzendaririk hoberenarena eraman zituen, eta beste jaialdi askotan ere garaikur ugari jaso ditu. Kasuan kasu, guztietan goraipatu dute Chloe Zhaoren lana, eta filmaren leuntasuna eta nortasuna nabarmendu dituzte besteak beste: detaile txikiak sakontasunez landu izana, hain zuzen. Hots, xalotasun hori da jendeari gehien gustatu zaiona, eta laudorioak besterik ez ditu jaso estreinalditik. Hainbeste, ezen iaz egin zen filmik hoberena dela esan baitute batzuek.

'NOMADLAND'
Zuzendariak. Chloe Zhao.
Aktoreak. Frances McDormand, David Strathairn, Linda May, Charlene Swankie, Bob Wells, Gay DeForest, Patricia Grier, Peter Spears.
Herrialdea. AEBak.
Urtea. 2020.
Iraupena. 108 minutu.
Generoa. Drama.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herriko antzoki eta zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.