Datorren asteko estreinaldiak

Zinema beltzari goresmen

Suspense psikologikoa da Guillermo del Toro zuzendariaren azken lanaren oinarria 'Nightmare Alley' filmean. Nagusiki filmaren aspektu teknikoak goratu dituzte kritikariek

Bradley Cooper eta Cate Blanchett aktoreak Guillermo del Torok zuzendutako Nightmare Alley filmean; haien lana goratu dute kritikari askok. BERRIA.
Iker Tubia.
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Beltza pantailara dakar Guillermo del Toro zuzendari mexikarrak. The Shape of Water film arrakastatsua aurkeztu eta lau urtera heldu da Nightmare Alley suspense psikologiko beltza. Izen bereko eleberri batean dago oinarriturik, William Lindsay Greshamek 1946an idatzitakoa. Ez da eleberri beltz hori zineman ikusi daitekeen lehenbiziko aldia, aitzitik; 1947an Edmund Goulding zuzendariak aurkeztu zuen, Joan Blondell, Coleen Gray eta Helen Walker aktoreekin.

1940ko urteetako film noir edo zinema beltzaren erakusgarri da Nightmare Alley filma, eta girohorri jarraitu dio Del Torok. Hain zuzen ere, kritikariek alor estetikoa goratu dute: estilo bisuala, zinematografia, soinu banda, jantziak, produkzioa eta zuzendaritza. Ez hori bakarrik: goraipatu dituzte Bradley Cooper eta Cate Blanchett aktoreen lanak ere. Izan da bainarik: iraupenari dagokiona, luzeegia delakoan (150 minutu), eta gidoia trinkoegia ez ote den zabaldu dute zenbait kritikarik. National Board of Review-ek 2021eko hamar filmik onenen artean sailkatu du.

Aktore ezagunak

Istorioa 1930eko hamarkadaren bukaeran gertatzen da, AEBetan, Depresio Handiaren ondoren. Stanton Carlisle engainatzailea zirku batean hasiko da lanean. Han zenbait truko ikasiko ditu, eta baliagarri izanen zaizkion artistak ezagutuko ditu; tartean, Molly pitonisa. Azken horrekin hirira joko du Carlislek bere ikuskizun propioa sortzeko, eta jende oso aberatsari iruzur eginen diote hildakoekin hitz egiteko gai direla esanez.

Arrakasta lortu arren, are gehiago nahiko du protagonistak, eta Lilith emakume misteriotsuarekin aliantza bat eginen du, modu horretan erabateko arrakasta lortuko duelakoan. Lilith psikiatra da, eta eskura dituen pazienteen grabaketak baliagarriak izanen zaizkie.

Aktore ezagunak baliatu ditu Del Torok trhiler psikologiko hau kontatzeko. Cooperrek jokatu du Stanton Carlisleren papera, eta Blanchettek Lilith Ritter doktorearena. Haiekin batera ageri dira Rooney Mara, Molly Cahillen rolean; Toni Collette, Zeena Krumbeinena egiten; eta Willem Dafoe, Clem Hoately gorpuzten.

Zinema beltzari omenalditxoa egin dio Del Torok Nightmare Alley lanarekin, nahiz eta 1940ko urteetako zinema haren klixeek ez duten mugatu. Misterio eta sekretu handiko pertsonaiak ageri dira pantailan, elkarrekin konektatzen direnak. Etengabe hazi eta gehiago nahi duen protagonistaren iluntasuna da nagusi istorioan, eta krimena eta suspensea ere badira filmaren osagaiak. Gidoia egiterakoan eleberriari fidela izaten saiatu dira Del Toro eta Kim Morgan.

Proiektua 2017ko abenduan iragarri bazuten ere, orain heldu da filma pantailara. 2020ko urtarrilean hasi ziren lanean, baina COVID-19ren pandemiak geldiarazi zuen martxoan. Hala ere, urte hartako azarorako grabaturik zuten filma. Estreinaldia abenduan izan zen AEBetan.

'NIGHTMARE ALLEY'
Zuzendaria. Guillermo del Toro.
Aktoreak. Bradley Cooper, Cate Blanchett, Rooney Mara, Toni Collette, Willem Dafoe, Ron Perlman, Richard Jenkins, Mark Povinelli, David Strathairn,Holt McCallany, Jim Beaver, Mary Steenburgen, Paul Anderson.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2021.
Iraupena. 150 min.
Generoa. Drama psikologikoa.
Estreinaldia. Urtarrilaren 16an eta 21ean estreinatuko da Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.