Albistea entzun

Datorren asteko estreinaldiak

Haurraren soa, zuri-beltzean

Kenneth Branagh zuzendari ipar-irlandarrak 'Belfast' filma ondu du, bere haurtzaroko oroitzapenetan eta begiradan oinarriturik ehundutako istorio bat ardatz hartuta, zuri-beltzean
Kenneth Brannagh zuzinemagile eta aktorearen haurtzaroko Ipar Irlanda erretratzen du <em>Belfast</em> film berriak.
Kenneth Brannagh zuzinemagile eta aktorearen haurtzaroko Ipar Irlanda erretratzen du Belfast film berriak. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2022ko urtarrilak 22

Haurtzarora egin du Kenneth Branaghek Belfast-en. Begirada 1960ko hamarkadan jarri du, Belfast jaioleku gatazkatsuan, bere alter ego Buddy haurraren begirada baliatuz (Jude Hill). Sona handiko filma ondu du zinemagile eta aktore irlandarrak; han eta hemen aipamenak lortu ditu, eta Oscar sarietarako hautagaitza aurkeztu. Zenbait kritikariren iritzian, soslai intimo indartsua lortu du; beste zenbaiten aburuz, motz geratu da garai hartako giro politiko eta soziala erretratatzeko moduan.

Haurraren bizipen eta begirada bildumak ardazten dute istorioa; Buddyren eta haren familiaren eguneroko bizitza itxura batean lasai samarra —anaia helduagoarekin eta amarekin bizi da, aitak Ingalaterran pasatzen baitu denbora gehiena lanean— lehertu egingo da talde protestanteek bere auzoko familia katolikoen etxeei eraso egitean. Buddyren familia protestantea da, eta egoera konplexu eta tentsioz beterikoan geratuko da, giro nahasi horretan. Familia katolikoak Ingalaterratik independizatzearen aldekoak dira, eta protestanteak, aldiz, Erresuma Batuaren zaleak. Buddyk eta bereek presio handiak jasango dituzte katolikoekin dituzten harremanak eteteko.

Haurtzarotik helduarorako trantsizio hori kontatzen duten filmen zerrenda luzea da, nork bere umetako espaziotik eta denboratik abiatutako kontaketa egitea; hor dira Francois Truffauten Les Quatre Cents Coups (1959), Federico Felliniren Amarcord (1973), edota, oraintsuagoko bat aipatuz, Alfonso Cuaronen Roma (2018). Azken horren narratiba eta estetika moldearen sokari jarraitu dio Branaghek Belfast-en, zuri-beltzezko irudiak, oroitzapenen ildoa mantenduz. Harekin alderatuz, ahots kritikoenek ohartarazi dute edukiz arinagoa eta leunagoa dela Branaghena, neurri batean ulertzekoa dena, ume baten oroimen ariketa den heinean. Baina, hain zuzen ere, Ipar Irlandako hiriburuan gertatzen ari zen gatazka politikoa zertxobait despolitizatua azaltzen dela egiten duen erretratu kronikan.

Oroitzapenen munduan, musikak garrantzi handia izan ohi du, eta halaxe du Belfast-en ere: esaterako, Van Morrisonen kantuek, nahiz eta entzuten diren piezetako batzuk ez diren kontatzen diren garaiarekin ezkontzen. Adibidez, Days Like This entzuten da, eta 1995ekoa da.

Analisi politikorik ez

Branaghek ez du sakontzen auzi politikoan, Buddyk ez duelako gertatzen denaren ideia argirik. Umeak maiz azalduko du katolikoa izateko nahia, hartara konfesiolekuan barkatua izateko aukera izango lukeelako. Umearen ardura nagusia kalean futbolean jolastu ahal izatea da, neskatila gustuko batek kasu egin diezaion lortzea, denbora aitona-amonekin (Judi Dench eta Ciaran Hinds) edo ama alaiarekin (Cairiona Balfe) igarotzea, eta zinema eta antzerki emanaldiak ikustea.

Episodioka egiten du aurrera hari narratiboak, eta tentsio nagusia izango da familia zalantzatan ikustea Belfast utzi ala ez. Ohikoa izaten da Brannagh aktore modura ikustea bere film zenbaitetan; oraingoan, ez du parte hartu antzezle modura.

'BELFAST'
Zuzendaria: Kenneth Branagh.
Aktoreak: Jude Hill, Lewis McAskie, Caitriona Balfe, Jamie Dornan, Judi Dench.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2021.
Iraupena. 98 min.
Generoa. Drama.
Estreinaldia. Urtarrilaren 28an estreinatuko da Hegoaldean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Argazkiak badauka benetakoaren zigilua, eta hitzek ez»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Argazkilaritza dokumentalean sinisten du Morelesek: «Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta horrek ekitera eramaten zaitu». 'Urtzearen aztarna' paratu du Donostian, klima aldaketaz ohartarazteko.

 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Basogintza eredu berri baterantz

Unai Etxenausia

Ez dago «baso perfektua» sortzeko errezeta magikorik, aldakorra baita Euskal Herriko paisaia. Errez kooperatibako kideak eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen: baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar dituela diote, «baso irregularrak» bihur daitezen.
Kotoi markak Irizarren autobusetako ehuna erabiliz sortutako jantziak. ©GORKA RUBIO/ FOKU

Moda egiteko beste modu bat

Amaia Jimenez Larrea

'Ekomoda' erakusketa jarri dute Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan, maiatz hasierara arte. Autobusetan erabili gabeko ehunekin egindako jantziak daude ikusgai.
Naizen elkartearen aurkezpen eguneko argazkia, Donostiako Antzoki Zaharrean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Naizendarren festa

Ane Insausti Barandiaran

Naizen elkarteak Bigarren Hezkuntzarako sortutako ikus-entzunezkoak eta kamiseta berriaren diseinua aurkeztuko ditu gaur, urteroko festan

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...