Datorren asteko estreinaldiak

Kalean uso, sarean otso

Laurent Cantet zinemagileak aljeriar jatorriko idazle gazte baten infernurako jaitsiera kontatzen du 'Arthur Rambo' filmean, sare sozialek egungo gizartean duten eragina ardatz

Gaurkotasun beteko gai sozial bati heldu dio, beste behin, Laurent Cantetek Arthur Rambo film berrian. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Karim D da Frantziako literaturaren izar berria. Débarquement du izenburutzat bere bigarren liburuak; aljeriar jatorriko bere familiaren bizitza kontatzen du, Parisko auzo txiro bateko monoblokeetako eguneroko jarduna. Liburu horrekin, Frantziako argitaletxe handi baten babesa ez ezik, kritikaren laudorioak, telebista saioetarako gonbidapenak eta, are, film bat egiteko proposamena ere jaso ditu. Idazleak ez du soilik aitortza literarioa lortuko, ordea, bere aktibismo sozialak ere onespena jasoko du han-hemenka, batez ere bere komunitatearen alde egiteko erabiltzen duen web TV kanala dela eta. Dena haize alde du, distira egiten dio bizitzak nortasun handiko gazte arabiarrari... baina eskandalua lehertuko da.

Gazteagoa zenean, 16 urte zituela, Twitterreko izar bat izan zen Karim D, twistar bat, zeinak200.000 jarraitzaile ere izan baitzituen Arthur Rambo ezizena babesleku hartuta. Probokatzaile ez ezik, erasokor ere jarduten zuen nola gayen hala juduen aurka, eta baita garaiko terrorismoa laudatuz ere. Zenbat eta mezu erradikalagoak idatzi, orduan eta tonu bortitz eta oldarkorragoa erabili, zenbat eta atsegin gehiago jasotzen zituen, orduan eta jarraitzaile gehiago biltzen.

Baina, itxura batean antagonikoak diren bi izen eta izaera horiek (idazle konprometitu eta sozialki maitatua eta twitterlari arrazista, misogino eta homofoboa) lotu egingo ditu norbaitek, eta eraikita zeuzkan bi mundu paraloeloak eraitsi egingo zaizkio supituan; berak ehundutako sarean harrapaturik geratuko da. Dirdira eta emozioa zena kontrako bihurtuko zaio, oldarkor zenbaitetan gainera. Lehen txalotzen eta laudatzen zutenek, etsaitzat hartuko dute orain. Bat-bateko arrakastatik arbuio orokorrera igaroko da.

Behin eskandaluaren zurrunbilo horretan sartuta, ez du batere inporta Karim Dk zer pentsatzen duen, zer sentitzen duen, bere azalpenek zentzurik edo arrazoizko baliorik duten, gaztetxotako bekatuak barkagarri zaizkion edo ez, benetan bera ote zen, edo jolaserako asmaturiko pertsonaia bat, eta abar...

Ertzak eta mugak

Laurent Cantet zinemagilea abila da gai sozialak lantzen, eta lanketa horiek panfletora murriztu gabe egiten. Ressources humaines (1999), L'emploi du temps (2001), Entre les murs (2008) eta L'Atelier-en (2017) egileak gaurkotasun beteko gaiari heldu dio Arthur Rambo-n. Sare sozialen errealitateak eta dinamikak, horiek eragiten dituzten harreman moldeak, arrakastaren eta porrotaren zentzuak, bortxaren era askotako agerpenak... horiek guztiak dute lekua filmean, eta, ardatz nagusi gisa, gizarte garaikideotan teknologiak duen eragina, sare sozialetako adierazpen askatasunaren eta haren mugen inguruko kezka; 86 minutuan zorrotz baina juzgu manikeorik gabe ondu du istorio erreal batean oinarrituriko filma Cantetek.

Protagonistaren larruan Rabah Nait Oufella aktorea aritu da, nerabe zela Entre les murs-en parte hartu zuen bera. Garaitsu hartan bera izan zitekeen istorio errealeko protagonista; Frantziako gizartearentzat heori bihurtzen den jatorri magrebtarreko gaztea, eta ondoren guztiz baztertua dena...

'ARTHUR RAMBO'
Zuzendaria: Laurent Cantet.
Aktoreak: Rabah Nait Oufella, Antoine Reinartz, Aleksandra Yermak. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2021. Iraupena. 87 min.
Generoa. Drama-sare sozialak.
Estreinaldia. Otsailaren 2an estreinatuko da Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.