Erleen munduak askorako ematen du; askorako ematen du bizitza errealean, askorako zinemaren munduan ere. Hor dira Die Biene Maja /The Maya Bee (2014) animaziokoa, Tisícrocná vcela (Erle milenarioa) Txekoslovakiakoa (1983), erlauntzaren irudia metafora gisa darabilten El espíritu de la colmena (Victor Erice, 1973) eta La colmena (Mario Camus, 1982) Espainiako ekoizpenak, oraintsuagoko Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020) euskarazkoa, eta zuzenki eztiari erreferentzia egiten dion Bal / Honey turkiarra (Semih Kaplano?lu, 2010), besteak beste. Azken horrek Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen duela hamarkada pasatxo.
Gertaera errealetan oinarriturik dago Hive (Erlauntza), Blerta Basholli zuzendari kosovarraren estreinako lana, iazko Sundanceko Jaialdian nabarmendu zirenetako bat. Kosovoko herri txiki bateko jendearen aurreiritziei aurre egin eta bere komunitateko emakumeak animatuko ditu antola daitezen eta euren kabuz funtziona dezaten.
Fahrije da istorioko protagonista —Yllka Gashi aktoreak antzeztua, bere lehenengo lan luzean—; 30 urte inguruko emakume bat da, bere herriko beste emakume asko bezala Kosovoko gerra odoltsuaren ondorioz alargun geratu dena, senarrak hil edo desagertu egin direlako. Krushe eta Madhe herrixkak dira, eta 1999a da urtea. Emakumea bere aitaginarrebarekin, seme txikiarekin eta alaba nerabearekin bizi da etxetxo batean.
Fahrijeren kasua berezia da Kosovoko landagune patriarkal gordinean: bera baita Pristina herriraino autoa gidatu eta senar zuenaren erleak zaintzen dituena. Herri horretako emakumeei autoko gidabaimena ateratzeko klaseak ordaintzeko prest azalduko da gobernuz kanpoko erakunde bat, baina guztiek muzin egingo diote aukerari. Emakume horietako batek jakinaraziko dio Fahrijeri herrian zurrumurruak zabaldu direla bere bizitza «beregaina eta emantzipatua» delako. Kafetegi batean bakarrik esertzen den emakume bat edo autoa gidatzen duen bat familiarentzat eta komunitatearentzat lotsaizuna besterik ez da. Fahrijeren alabak berak puta deituko dio eszena bereziki gordin batean.
Emakumeak batuta
Protagonistak ez du atzera egingo, ordea, eta komunitateko emakumeak bere etxean bilduko ditu ajvar-a prestatzeko; Balkanetako jaki bizigarri ezaguna da ajvar-a eta supermerkatu bat prest dago haiek ekoitzitakoa saltzeko. Arazoak ugarituko dira, bata bestearen atzetik; pobreziari ez ezik, gizonen mespretxuari ere aurre egin beharko diote; eta, artean, bere senar Agin ezin behar bezala agurtuta geratuko da.
Bashollik emakumeen indarraren, asmamenaren eta batzeko gaitasunaren inguruko istorio bat harilkatu du bere estreinako lanean, baina ikuspegi sinplistatik aldenduz, eta gaiaren konplexutasunari eta iluntasunari ertzak topatuz. Kosovoko landagunearen erretratua ere bada, bere idortasun, bere edertasun: bere gizonkeria, bere bortizkeria. Eta argi printzetarako, emakumeen batzeko gogoa, naturari eta euren harremanei eustekoa.
'HIVE'
Zuzendaria: Bierta Basholli.
Aktoreak: Yllka Gashi, Cun Lajci, Aurita Agushi, Kumrije Hoxha, Adriana Matoshi...
Herrialdea. Kosovo. Urtea. 2021.
Iraupena. 84 min. Generoa. Drama soziala.
Estreinaldia. Martxoaren 4an estreinatuko da Hegoaldean.
Datorren asteko estreinaldiak
Emakumeen erlauntz bat
Balkanetako gerra ez ezik, senarraren galera eta landaguneko bizitza gordina ere pairatuko ditu emakume batek 'Hive'-n. Komunitateko emakumeak batzea izango du aterabidea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu