Datorren asteko estreinaldiak

Zahartzaroa, zaintza, zinema

Gaspar Noeren 'Vortex' lanak adin nagusiko emakume eta gizon batzuen arteko harremana du ardatz ; dementzia da hondoan dagoen gaia, eta ohi baino estilo soilagoz filmatu du

Dario Argento eta Francoise Lebrun aktoreak dira Vortex filmeko protagonistak. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ia hogei urte igaro dira Gaspar Noe zinemagile argentinar frantziartuak Irreversible (2002) bere obra enblematiko bezain eztabaidatua plazaratu zuenetik. Bortxaren taularatzea eta kontaketaren egitura hautsi eta ez-konbentzionala izan ditu sor-marka Noek bere ibilbidean, hala nola Enter the Void (2009), Love (2015) eta Climax-en (2018). Sexuaren esplorazioa eta esperimentazio formala izan ditu ikurtzat, eta sarri aipatu izan du Stanley Kubrick miretsia erreferente nagusitzat. Filmaketa erritmo pausatua izan du bi hamarkada pasatxotan, eta, adinean aurrera egin ahala, bestelako kezka eta interes guneak ere piztu zaizkio Noeri. Iazko Canneseko zinema jaialdian estreinatu eta Donosotiako Zinemaldian ere aurkeztu zuen lanik berriena, Vortex; zerikusi gutxi du orain arteko lanekin. Bestelakoa du gaitegia, bestelakoa moldea.

Zahartzaroa, heriotzaren hurbiltasuna eta zinema ditu ardatz nagusitzat Vortex-ek, halako moduz ezen kaleratu orduko parekatu baitzuten Michael Hanakeren Amour-ekin (2012).

Alabaina, Noek berak beste erreferentzia batzuk aipatu izan ditu orain arte emandako elkarrizketetan: zahartzaroko dementzia lantzen duten filmen artean Sarah Polley kanadarraren Away From Her (2009) nabarmendu izan du; neorrealismo italiarra, eta, batez ere, Vittorio De Sicaren Umberto D (1952) ere goraipatu du, gaineratuz lehen aldiz ikusi zuenetik asko aldatu zaiola harekiko ikuspegia eta iritzia: «Oso artifiziala begitandu zitzaidan orduan». Zinema japoniarra ere geroz eta gehiago interesatzen zaiola aipatzen du aspaldion, eta Keisuke Kinoshita zinemagilearen Narayama Bushiko (The Ballad of Narayama , 1958) inspirazio handia izan du Vortex ontzeko orduan.

Filmaren baldintzapen nagusia izan da pandemia garaian filmatua izan zela. Horrek, besteak beste, eragin du Noek estiloz eta estetikaz zeharo aldatu izana. Behinola haustura formala eta kontaketa konplexua zena soilago bilakatu da lan berrian, kontatzen denak ere hartaratuta.

Lebrun eta Argento

Adinean aurrera doan bikote bat erretratatu du Noek bere filmean; hasieratik garbi izan zuen Francoise Lebrun eta Dario Argento aktoreak nahi zituela protagonisten roletan. «Nik nahi nuen pertsonaietako bat Umberto D filmekoa bezalakoa izan zedin; besarkatu nahiko zenituzkeen pertsonaiak dira. Erabaki nuenean 80 urte ingurukoak zirela, garbi izan nuen gizonezkoak Dario Argento izan behar zuela, duela 30 urtetik ezagutzen baitut. Lebrun ez nuen ezagutzen, baina maite nuen haren lan egiteko modua; asko aztertu ditut bere lanak».

Argentok gorpuzten duen pertsonaia zinemari eta bere ametsei buruzko liburu bat idazten ari da, eta, aldi berean, bere emaztea zaintzen du, zeinak zahartzaroko dementzia duen, egunetik egunera okertuz doana. «Nire familian eta ingurunean bizi izandakoetatik atera dut istorioa», esan du Noek, egin dizkioten elkarrizketetan.

Kritikak nabarmendu du Noeren filmik helduena eta pausatuena dela, eta laudorioak izan ditu nagusi. Askok nabarmendu dute orain arteko lanik borobilena duela.

'VORTEX'

Zuzendaria: Gaspar Noe.Aktoreak: Dario Argento, Françoise Lebrun, Alex Lutz. Herrialdea. Frantzia. Urtea. 2021. Iraupena. 142 min.Generoa. Drama. Estreinaldia. Apirilaren 13an estreinatuko da Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.